alea.eus

Laudioko Udalak jasotako indarkeria matxista kasuak bikoiztu egin dira

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldea Gaur 2016-07-22 07:00   Gizartea

Pasa den urtean 29 emakumek jo zuten Laudioko Udalera indarkeria matxista dela eta. Erdiek ez zuten salaketarik jarri, indarkeria fisiko zein psikologikoa sufritu arren.

Amets Meaza zinegotziak gaineratu du gehienak 30 eta 44 urte bitarteko emakumeak baziren ere (42 urtekoa izan zen batez besteko adina), adingabeko bat ere bazegoela tartean.  

Esan bezala, azken bost urteotan bikoiztu egin da kasu kopurua Udalean, 2010ean 14 emakumek jaso baitzuten Udalak indarkeria matxistaren aurka eskaintzen duen laguntza juridiko eta psikologikoa.

Eskualdean, 99 salaketa

Aiaraldean ere bikoiztu  egin da, epe laburrago batean gainera. Indarkeria matxista dela eta, 53 salaketa jazo ziren 2013an eskualdean; eta 2015ean, berriz, 99. Baina Amets Meazak azpimarratu du iaz Laudioko Udalera jo zuten emakumeen erdiak ez duela salaketarik jarri, indarkeria fisiko zein psikologikoa sufritu arren.

Horrelako kasuei aurre egiteko Laudioko Udalak hitzarmena du sinatua Arabako Foru Aldundiarekin, orain dela gutxi berritu dutena. Hitzarmen horren baitako zerbitzuak Aldundiak eskaintzen ditu. Udalak espazio bat eskaintzen du jarduera hori garatzeko eta hitzorduak kudeatzeaz eta txostenak osatzeaz arduratzen da, harrera pisua kudeatzearekin batera.

Hainbat ildo jorratzen ditu zerbitzu horrek. Doako orientazio juridikoa da horietako bat. Iaz Laudioko 17 emakumeri eskaini zitzaien orientazio hori.

Harrera psikologikoa

Harrera psikologikoaren alorra ere jorratzen dute Udalean. Astelehenetan eta ostegunetan eskaintzen da zerbitzu hori, udaletxean bertan, 08:00etatik 15:30era. Hiru-lau aste bitarteko iraupena du bertan ematen den programak, eta bertara jotzen duten emakumeei jarraipena egitea du helburu.

Horrez gain, esan bezala, harrera pisuak daude, euren etxeetan indarkeria matxista pairatu behar duten emakumeei bideratutakoak. Pisu horietan dauden emakumeek laguntza sozialeko zerbitzu osagarria jasotzen dute. Babes-agindu batekin dauden emakumeei ere dago zuzendua zerbitzu hori.

Jaurlaritzak, bere aldetik, 24 orduko zerbitzua eskaintzen duen telefonoa ere badu martxan, indarkeria matxistaren kasuak salatu edo kontsultak egiteari bideratutakoa. 900 840 111 da telefono zenbaki hori. 55 hizkuntzatan eskaintzen du, eta entzuteko ezgaitasuna duten pertsonentzat ere zerbitzu egokitua du.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa