alea.eus

“Gerra bat bizi izan ez baduzu ez duzu inoiz ulertuko zer den”

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldea Gaur 2016-06-25 20:00

Orain dela 24 urte etorri zen Aiaraldera Edhija Dizdarevic, Bosniako Gerratik ihesi. Amurrioko kuartel zaharrean eman zituen lehen hilabeteak, beste hainbat errefuxiaturekin batera.

Kuartelean egon zineten pertsonen artean kontaktua izaten jarraitzen duzue?

Bai, sare sozialen bidez hitz egiten dugu noizbehinka. Denak daude ondo orain, hemen zeudenean baino askoz hobeto. Batzuetan pentsatzen dut euren bizitzetako erabakirik onenak hartu dituztela.

Zu zara Amurrion geratu zen errefuxiatu bakarra.

Bai. Ni bakarrik nengoen hiru umerekin. Handienak 5 urte zituen Amurriora iritsi ginenean, ertainak 3 urte eta txikienak 2 hilabete baino ez. Nire buruari planteatu nion: “Zer egin dezaket?”. Ez nituen mugitzeko aukera asko, eta Bosniara itzultzea bideraezina zen. Baina gehien lotu ninduena hemen geratzera izan zen nire seme-alabak oso ondo moldatu zirela herrira eta eskolara. Noizbait izan zuten arazoren bat ume batek klasean esan dezakeen komentario horietako batekin: “Atzerritar, joan zaitez zure herrira”. Gertatu ziren horrelako gauza batzuk, baina nik jakin izan nuen etxean eurekin kudeatzen, ulertu zezaten eta ez zitzaten horrelako komentarioak horren serioski hartu.

Bosniako errefuxiatuak Amurrioko kuartel zaharrean. Ezkerrekoa da  Edhija Dizdarevic. Argazkiak: M. Luengo

Horrela egon ginen, urte urte, eta jada 24 urte daramatzagu Amurrion bizitzen.

Kanpoko jendea herrira bizitzera datorrenean eurekiko komentario txarrak entzuten ditut, eta pentsatzen dut: “Ni euretako bat bezalako baldin banaiz, auskalo jendeak zer esan duen niri buruz, nola begiratu ote nauten”. Begirada batek mila hitz baino gehiago balio baitu sarritan.

"Batzuetan nabaritzen dut hemen horrenbeste urte igarota ere oraindik ez naizela hemengoa. Urte asko pasatu diren arren, beti izango naiz “La Bosnia"

Jendeak badaki nola deitzen naizen, nor naizen, baina “La Bosnia” ezizenaren itzala beti dago hor. Eta pentsatzen duzu: “Duela 20 urtetik ezagutzen banauzu eta baldin badakizu nola deitzen naizen, zergatik izan behar da horrela?”. Ez nau izorratzen, baina nik Portugaleko, Saharako edota Kolonbiako jendea ezagutzen dut, eta inoiz ez zait bururatu “portugaldar hori”, “saharrar hori” edo “moro hori” esatea.

"Duela hilabete batzuk Amurriora familia siriar batzuk ekartzeko ideia egon zen (hitz hutsak baino ez, azkenean ez delako eta ez delako ezer egingo). Zintzoki pentsatzen dut jende gaixo horrek nik bizitakoak bizi behar baditu hobeagoa izango dela ez etortzea"

Errefuxiatuei laguntzeko zer edo zer egingo baduzu, bihotzez egin ezazu, ez ezazu egin suposatuko duen gastuari erreparatuta. Negar egin dut errefuxiatuen irudiak ikusten. Hemen gai hori ez da asko lantzen, baina nire herrialdeko komunikabideek asko hitz egiten dute gai horren inguruan, antzeko egoera bat bizi izan dugulako bertan. Hemen, berriz, 30 segundoko irudi bat jartzen dizute eta listo.

Askotan entzun izan ditut immigranteekiko kritikak, laguntza asko ematen zaizkiela argudiatuta. Eta nik galdetzen dut: “Protestatu egiten duzue familia bati jan egin dezan ematen zaizkion laguntzengatik eta ez duzue protesta egiten dena lapurtzen ari diren politikarien aurka?” Errua ez da jendearena. Jendea oso ezjakina da, ezagutzen dituzten gauzen arabera baino, entzuten dituzten zurrumurruen arabera hitz egiten dutelako. Eta orain jada ez da lehen bezala, lehen gurea baitzen Amurrion bizi zen familia atzerritar bakarra.

Hona etorri eta bi urtera jendeak jarraitzen zuen galdetzen ea gure herrialdean Coca cola edaten zen edota ea etxeak genituen. Nik pentsatzen nuen: “Baina Europa erdialdekoa naiz eta”. Beste planeta batetik etorriko bazina bezala zen. Oso galderak ergelak ziren.

Orduan zaila izan da adaptazio prozesua?

Oso zaila. Beno, niri ez zait kostatu hemengo kultura eta jendera ohitzea. Natorren lekutik nator ni, eta badakit zergatik.

"Askoz gehiago kostatu zait jende ezjakinera ohitzea, ezjakintasunera"

Herria asko aldatu da azken 24 urteetan. Lehen ikuskizun baten moduko zerbait ginen jendearentzat, baina ez dibertitzekoa, zerbait deskubritzekoa baizik. Jendeak zerbait topatu nahi zuen gugan, auskalo zein tokitik gerturatu izan bagina bezala.

Baina bazoaz moldatzen. Hizkuntza zen arazo nagusia, baina bizitzeko behar duzunean segituan jartzen zara ikastera, ahalik eta lehenago hobe. Hizkuntza oso garrantzitsua da, bai hemen eta baita beste edozein tokitan ere: hitz egiteko, eztabaidatzeko, kafe bat hartzera joateko, erosketak egiteko, pertsona jakin batzuen komentarioetatik defendatzeko... batzuetan 20 pertsona nituen nire inguruan, eta hasia nintzen gauzak ulertzen (beti hasten baitzara lehenago hizkuntza bat ulertzen hitz egiten baino); eta pentsatu nuen ahalik eta azkarren ikasi behar nuela hitz egiten, ikusten nuelako bazeudela izorratzen ninduten zenbait gauza.

"Asko zor diot baita herri honi. Badago garai horietan asko lagundu ninduen jendea, zeintzuekin adiskidetasuna mantentzen jarraitzen dudan"

Hiru urte igaro nituen laguntza sozialak jasotzen, eta ez da batere atsegina. Ez nuen batere gogoko, eta laster ekin nion lan egiteari. Ez nuen Udalaren, Aldundiaren edota Eusko Jaurlaritzaren menpeko izan nahi. Gogaitu egiten ninduen. Lehen ni nintzen lagun eta auzokideak laguntzen zituena, eta orain ni nintzen lagundu beharreko pertsona, eta hori asimilatzea kosta egiten da. Nola aldatzen den bizitza segundo batean.

"Nire kabuz egin dut aurrera, eta ez da batere erraza izan"

Horrelakoa da bizitza. Nire seme-alabek ibilbide ona egin dute. Alaba nagusia Bosnian bizi da, bere aitarekin. Baina hona itzuli nahi du, oraindik horretarako unerik topatu ez duen arren. Hirurek bukatu dituzte ikasketak, eta irailean amama izango naiz, iloba bat izango dut. Nork esango zidan duela urte batzuk hemen, Amurrion, amona izango nintzela? Hemen gertatu zaidan gauzarik onena da hori. Nire seme-alabak begiratzen ditudanean konturatzen naiz denak merezi izan duela.

Ez naiz fededuna, ikusten dudan horretan baino ez dut sinisten. Baina badakit patua patu dela, horretan bai sinesten dudala. Patua ezin duzu ukatu edo desbideratu, horren lekuko zuzena naiz ni. Patua beti da patu, eta listo.

Errefuxiatu bosniarrak kuartel barruan. Argazkia: M. Luengo

Nolakoa zen elkarbizitza kuartelean?

Zaila. Bakoitza Bosniako alde batetik gentozen eta ez ginen elkar ezagutzen. Ez zait inoiz ahaztuko Gasteizko aireportutik Amurriorainoko bidaia. Altube jaisten, inguruko pinu guztiak ikusita, pentsatu nuen: “Nora garamatzate? Ai ene!”.

"Orduan autobusa kuartelaren parean geratu zen. Leihatilatik begiratu nuen: 'Ene bada! Guardia Zibila! Zer da hau?'”

Bertan sartuko ez nintzela esan nuen. Lasaitzeko eskatu zidaten, baina nik ez nuen sartzeko asmorik. Gerra batetik ihesi nentorren eta bertan sartuko ninduten? Itzultzailea barrezka hasi zen orduan, eta esan zidan ez zela ezer gertatzen. Imajinatu ezazu: ni hiru ume txikirekin (txikiena beso artean izanda). Janari apur bat eta hurrengo egunera arte begiak ixteko gune lasai bat zen nahi nuen gauza bakarra, besterik ez.

Urtebete egon ginen bertan. Besteak lehenago joan ziren eta hilabete batzuk igaro nituen bakarrik. Behin udaletxera jo nuen kexaka, hiru umeekin bakarrik nengoelako kuartelean. Ohe militarretan egiten genuen lo. Pisu batera bizitzera joan ginen gero, eta bertan ere zailtasun ugarirekin bizi izan ginen.

"Baliteke sinesteko zaila izatea, baina Bosnian geratuta baino momentu gogorragoak bizi izan genituen bertan"

Mazedoniako errefuxiatuen kanpaleku batetik iritsi zineten Amurriora.

Gerra hasi zenean aste batzuk igaro genituen mendien ezkutatuta, gauak hariztietan igarotzen, kanpin-dendetan sartuta. Nire seme-alaben amona eta nire bi alabak zeuden nirekin, eta ni haurdun. Konbentzitua nengoen gerra egongo zela, eta horrela esan nion nire seme-alaben aitari.

"Zerutik granadak erortzen eta herriak sutan ikusi genituenean erabaki nuen ospa egitea. Alabekin eta bi maletekin alde egin genuen, nora joan ez genekiela"

Autobus bat hartu nuen nire herritik Montenegrora. Pisu bat alokatu nuen bertan hilabete baterako, denbora horretan gauzak baretu egingo zirela uste bainuen. Bertan nengoela egin zuen eztanda gerrak. Telebistaren eta albisteen menpeko izanez igaro nuen hilabete hori. Ez nuen inoren berri, ez zegoen komunikatzeko modurik. Montenegrora errefuxiatuak iristen hasi ziren, eta baita mehatxuak ere. Nire lehengusu batekin hitz egin nuen eta alde egitea proposatu nion, uste nuelako ni izango nintzela bilatuko zuten lehenengo pertsona, nire familia osoa baitzegoen gatazkan sartuta.

Diru apur bat neukan, eta Mazedoniako muga zeharkatzea erabaki genuen. Muga batetik bestera gindoazen, oraindik uste genuelako hilabete batzuen bueltan itzuli ahalko ginela.

Mazedoniara iritsi ginenean Gurutze Gorriaren azpiegitura batzuetan egin ziguten harrera, txarto oroitzen ez badut. Gaur egun siriarrek bizi dutena bezalakoa zen gure egoera. Gertatzen dena da siriar gizajoak ez dituela inork nahi, guri gutxienez harrera egiten ziguten. Jende horrek gaur egun bai duela egoera zaila.

Militarren manta batzuk eman zizkiguten, zeintzuekin ezin ginen estali ere egin. Oso gaizki usaintzen zuten eta azkura handia eragiten zuten. Denok batera egiten genuen lo, ama bakoitza bere seme-alaben alboan.

Nik zenbait burutazio nituen, eta txantxak egiten nituen, bertan bizi zen egoera alaitzeko. Hilerri bizi bat baitzen hura, Bañueta kiroldegiko kantxaren tankerako espazio batean sartuta. 600 pertsona inguru egongo ginen.

Gero, handik bi gauera, mendian zeuden etxola batzuetara eraman gintuzten. Umeentzako udako kanpamendu bat zen, etxetxo urdinez osatua. Ez genuen sukalde propiorik, sukalde orokor bat baizik.

"Autobusak iristen jarraitzen zuten, geroz eta errefuxiatu gehiagorekin, Bosniako txoko guztietatik zetozenak. Emakume bortxatuak, zaurituak, gaixoak, umeak, nagusiak... inoiz ahaztuko ez zaidan irudi bat osatzen zuten"

Mazedoniara bitxi batzuk pasatzea lortu nuen. Baina bertako bitxi-saltzaileak zure egoeraz baliatzen ziren eta balio zutena baino askoz gutxiago ematen zizuten. Janaria erosteko erabiltzen genuen dirua. Kanpamendu horretan jaio zen nire hirugarren semea.

Handik gutxira iritsi zineten Amurriora, ez?

Bai, bi hilabetera. Hemen geundela erail zuten nire neba txikia. Irratiaren bidez jakin genuen. Amurrioko igerilekuetan zegoen irrati klubera joaten nintzen gauean. Modu horretan komunikatzen nintzen nire familiarekin, eta albisteen berri ematen zidaten. Nire nebagatik galdetzen nuen, berarekin hitz egin nahi nuen eta, baina beti esaten zidaten ezin izan zuela gerturatzerik izan. Geroago jakin nuen ordurako sei hilabete zeramatzala hilik.

Nire aita ere erail zuten. Nire iloba salbatu egin zen. Granada bat bota zuten bere etxean, eta familiako gainontzeko kideak bertan hil ziren. Nire iloba handik egun batzuetara topatu zuten bizirik, hondakinak kentzeari ekin ahal izan ziotenean.

Nik telebistan ikusi nuen hori, Amurrioko kuarteleko saloian nengoela.

“'Bonbardaketa bat egon da Gorazden', zioen albistegiak, 'bederatzi urteko neskato bat dago zaurituta, Emina du izena...'. Nik berehala jakin izan nuen nire iloba zela"

Telebistan ikusi nuen nola ateratzen zuten etxetik eta nola eramaten zuten helikopteroz ospitale militar batera.

San Josera jaitsi nintzen berehala, bertan zeuden kabina batzuetatik nire anaietako bati deitzera. Berak baieztatu zidan albistea, eta esan zidan ilobarekin Bruselasera joango zela, bertan sendatu zezaten. Lortu zuten bere bizitza salbatzea eta gaur egun biak bizi dira Belgikan. Nire ilobak 33 urte ditu eta zientzialaria da.

Jendea saiatzen da ulertzen gerra bat zer den. Intuitu dezakezu, baina ezin duzu ulertu bizi ez duzun zerbait. Horregatik dut gustuko hemen Gerra Zibila bizi izan zuten pertsonekin hitz egitea, eurak ere antzeko esperientzia batetik igaro direlako. Euren kontakizuna da geratzen zaigun bakarra. 90 urteko aitona baten hitzek gaiari buruzko mila liburu eta egunkarik baino balio gehiago dute niretzako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa