Hezkuntza eragileak zatituta, urriaren 26ko mobilizazioen aurrean

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2016ko urr. 26a, 10:12

LOMCE legea aplikatzen ari direla salatzeko, gaurko mobilizazioak deitu dituzte Steilas eta ELA sindikatuek. Bat egin dute ESK, CCOO eta UGT sindikatuek eta EHIGEk, ez ordea IAk, LABek, Ikastolen Elkarteak, Kristau Eskolak eta Sortzen-ek.

Nafarroan zuzenean eta EAEn Eusko Jaurlaritzaren Heziberri planaren bidez LOMCE legea aplikatzen ari direla diote ELA eta Steilasek, eta ordubeteko lanuztera deitu dute 26 goizerako. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, manifestazioak egingo dituzte lau hiriburuetan (Gasteizen Bilbo plazatik abiatuko da). Besteak beste, sindikatuek kritikatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak hezkuntzan "murrizketa dinamika jasanezina" daramatela, administrazio guztiek "errebalidez osatutako kanpo-ebaluazio sistema obsesibo eta perbertsoa" ezarri nahi dutela edota "euskarari lehentasuna eman ordez ingelesari ematen zaiola”. Curriculum eta hezkuntza eredu propioa ere aldarrikatu dute.

EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak bat egin du adierazpenarekin eta "errebaliden kontra mobilizatzera"deitu dituzte familiak. "Gaur egun, euskal eskola publikoko familiok ez dakigu nolakoak izango diren kanpo-probak, ezta noiz eta nortzuk egingo dituzten ere. Hori dela-eta, argibideak eskatu dizkiogu jarduneko Hezkuntza sailburuari", gaineratu dute.

"Madrildik datorren deialdiari, ez"

Aldiz, beste hainbat eragilek argi adierazi dute ez dutela mobilizazioekin bat egingo. Ikastolen Elkartearen hitzek laburbiltzen dute gehienen mezua: “Madrildik datorren LOMCE inposaketari ez, eta honen kontra Madrildik datorren deialdiari ere ez”. Madrilen eskola paktu berria negoziatzen ari direla eta grebak horri erantzuten diola diote Ikastolek, baina izan LOMCE, izan datorren legea, "Madrilek ezartzen digun markoa gainditu eta Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntza sistema eraiki behar dugu".

Sortzen elkarteak salatu du "Estatutik egiten den deialdiak ez duela, besteak beste, Euskal Herriaren errealitatea kontuan hartzen, ezta burujabetzarako daukagun eskubidea aitortzen ere. Ondorioz, gure herriaren beharrak eta interesak oinarrian izango lituzkeen hezkuntza sistema propioa izateko daukagun eskubidea eta beharra ere ez dira deialdi horren planteamenduan barnebiltzen".

Antzeko mezua zabaldu du LABek, eta errebalidak protagonista bihurtu diren garaiotan, ebaluazio ereduan jarri nahi izan dute arreta: "Beharrezkoa dugu bestelako ebaluazio sistema bat non ikaslea ez ezik, irakasle taldea, eskola, familia (hau da, komunitatea) eta finean, sistema guztia ebaluatuko den. Hobekuntzan, ekitatean, aukera berdintasunean oinarritu eta bide horretan aurrera egiteko neurri zehatzak eskainiko dituena".

Espainian grebara deitu duen Sindicato de Estudiantes sindikatuarekin oso gogor mintzatu dira Ikasle Abertzaleak: "Ez dugu bat egingo ikasleon zapalkuntza bermatzen duen sindikatu batekin, eta are gutxiago sindikatu erabat españolista den batekin".

Azkenik, Kristau Eskolak ere adierazi du ez dutela mobilizazioekin bat egingo.

Erlazionatuak

"Heziberri Lomceren aplikazioaren bermea da"

Ane Pedruzo eta Jon Ander Santos 2016 urr 26 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide