Azaroa Argia izango da aurten Gasteizen

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2016ko urr. 24a, 09:53

Argiak antolatuta, Trantsizioak erakusketa Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean egongo da ikusgai azaroan.

Trantsizioak erakusketa Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean egongo da ikusgai azaroan. Bere ibilbidetxoa egiten ari da; Gasteizera eraman aurretik Ondarroako Argia Egunean izan genuen eta Lasarten, Hernanin, Oñatin… ere egon da. Baina behin Gasteizeraino eramanda zergatik erakusketan bakarrik geratu? Gasteizko egoera soziolinguistikoa asko aldatu da azken urteetan, eta herri mugimendu aldetik ere oso aktibo dagoen herria izanik, erakusketan ikusarazi nahi denaren bidetik hainbat ekitaldi antolatu ditugu. Gehiago jakin nahi?

Azaroaren 3tik 24ra egongo da ikusgai lau hamarkadetako eraldaketei begira jartzen gaituen erakusketa. Eta bitarte horretan, Oihanederrekin eta Alearekin elkarlanean beste hainbat ekitaldi antolatzeko beta hartu dugu.

Azaroaren 3an bertan, erakusketaren irekieran, bisita gidatua dago prestatuta. Dauden argazkiek 1976-2016 urteen arteko Euskal Herriko gertaerak kontatzen dituzte, baina aprobetxatuko da Gasteizko hiru lagunek historia lokalagoa kontatu eta biak konbinatzeko. Hizlariak izango dira: Amelia Barquín, Estitxu Villamor eta Bego Oleaga Erdoiza.

SolasALEAn elkarrizketa irekia egiten dute hilabetero Oihanederren, eta azaroaren 11koa Aleak eta ARGIAk elkarlanean antolatzeko aprobetxatuko dute. Jone Goirizelaia izango da gonbidatua, eta Mikel Asurmendi (ARGIA) eta Edurne Begiristain (Alea) elkarrizketatzaileak. Publikoak ere galderak egiteko aukera izaten du saio hauetan.

Garoñarentzat erabakiorrak diren aste hauetan (ireki edo itxita mantentzearen erabakia hartuta egongo da honezkero agian hau irakurtzen duzunerako), gaiaren inguruko hitzaldia dinamizatuko du Unai Break Aitor Urresti (EHUko irakaslea) eta Patxi Alaña (Garoñaren kontrako foroa) hizlariekin. Garoña behin betiko itxi? izenarekin azaroaren 16an izango da.

Eta errematatzeko bideo-foruma. Ziztadak, desobedientzia zibilari buruzko dokumentala ikusi eta Zigor Olabarriarekin (Lurralde Askea) eta Saioa Iraolarekin (Bilgune Feminista) solasaldia izango da.

Egitarauko ekitaldi guztiak Oihanederren izango dira, arratsaldeko 19:00etan.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide