Garoñako zentrala ez dela berriz irekiko iragarri du Iberdrolak

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2016ko api. 11a, 18:27

Garoñako zentral nuklearra ez da berriz irekiko, "arrazoi ekonomikoak tarteko", Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak bertako sindikatuei jakinarazi dienez. Eldiario.es agerkariak argitaratutako informazioaren arabera, ELAk zabaldu du berria, konpainiako langileei igorritako e-mail baten bitartez.

Joan den ostiralean akziodun batzarra egin zuen Iberdrolak Bilbon, protesta artean. Ohituraz, batzar horren bezperan sindikatuekin biltzen da konpainiako presidentea. Bilera horretan jakinarazi zieten Ignacio Sánchez Galánek eta zuzendaritzako beste bi kidek transnazional bizkaitarrak ez duela Garoña berriro irekitzeko asmorik, ELAk adierazi duenez.

Bi egun lehenago, apirilaren 5ean, zentral nuklearren bideragarritasun eskasaz mintzatu zen Galán. "Zentralak ixten ari dira munduan, eta ez arrazoi politikoengatik, ekonomikoengatik baizik", esan zuen Iberdrolako buruak. 

Sindikatuekin egindako bileran, presidenteak esan omen zuen Iberdrolaren elektrizitate-ekoizpen negozioa defizitarioa dela Espainian. Horren harira Garoñaren geroaz galdetu zioten sindikatuek, eta zentrala "arrazoi ekonomikoengatik" ez dela berriro irekiko erantzun zuen Sánchez Galánek.

Nuclenor, Garoñaren jabe den konpainia, Iberdrolak eta Endesak osatzen dute erdibana. Nuclenorrek 2014an egin zion eskaria Espainiako Industria Ministerioari zentrala –2012tik itxita dagoena– berriro ireki eta 2031ra arte martxan mantendu ahal izateko. 

 

(Albiste honen jatorrizko bertsioa Argia.eus webgunean argitaratu da eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra)

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide