Sasienpresa sare bat Araban: 54 urteko kartzela eskatzen dute Alfredo de Miguelentzat

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2016ko mar. 15a, 09:58
Alfredo de Miguel EAJko kide ohiak bere inguruan antolatu zuen enpresa sarea dago auziaren erdian

Arabako fiskaltzak 54 urte eta 9 hilabeteko zigorra eskatu du Alfredo de Miguel EAJko probintziako bigarren pertsona garrantzitsuena izandakoarentzat. Legez kanpoko komisioak kobratzea, kapitalak zuritzea eta eragin-trafikoa leporatzen dizkiote, besteak beste.

Auzia 2010ean egin zen publiko eta Miñanoko parke teknologikoan izan zuen abiapuntua: esparru hori handitzeko obrak baliatuz, De Miguelen inguruko sareak lanak egin behar zituzten enpresei komisioak kobratu zizkiela uste du fiskaltzak.

Ia bost urte luzatu zen instrukzioaren ondoren iazko urrian erabaki zuen Arabako auzitegiak epaiketa egitea eta joan den ostiralean ezagutu zen Josu Izaguirre Arabako fiskal nagusiaren eskaera. 128 orrialdeko kalifikazio idatzian 26 lagunen aurkako epaiketa abian jartzea eskatzen da, De Miguelez gain Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano EAJko kide ohien kontra besteak beste.

Miñanokoaren antzeko operazioak egiteko sasienpresa sare bat aipatzen ditu fiskalak: EAJren esku zeuden erakundeetatik esleipenak lortu ondoren, enpresa horiek komisioak kobratzeko erabiltzen zirela dio. Gainera, inoiz eskaini ez ziren zerbitzuen truke kobratutako kontratuez ere hitz egiten du.

Ardura politikoak baliatuz osaturiko sarea

Fiskalaren arabera, Alfredo de Miguelek aldi oro zeuzkan ardura politikoak baliatu zituen, beste auzipetu batzuen laguntzarekin, bere inguruan sozietate-sare bat osatzeko, “bere burua eta bitartekoak aberasteko xedez”.

Sare horren eginkizunen artean zegoen kontratu publikoak lortzea administrazio ugaritatik. De Miguelen jabetzakoa zen Kataia Consulting SL agertzen da kasuaren erdian, baina baita gertuko harremana duten Errexal SL eta Ortzi Muga SL ere –pertsona berak zeraman enpreson kontabilitatea, egoitza leku berean zuten, pertsona berdinek hartu zuten haietan parte…–. Horien bidez beste enpresek esleipen publikoen truke ordaindutako komisioak ere kobratzen zituzten.

2009an egindako salaketa batetik abiatuta

Aipatutako hiru enpresak sarearen erdigunea baino ez direla ondorioztatu zen instrukzio fasean. 25 sozietate baino gehiago agertu ziren 2009an Ainhoa Alberdi enpresaburuak fiskaltzari zenbait dokumentu eta 24 grabazio eraman zizkionetik. Bertan esplikatzen zen nola funtzionatzen zuen sareak eta ikerketak hainbat ustezko delitu ikertzeko bidea zabaldu zuen: prebarikazioa, kapitalak zuritzea, administrazioei iruzurra, dokumentu publikoak faltsutzea, Ogasun Publikoaren aurkako delituak…

EAJk kasua ez “politizatzeko” eskatu du

Fiskaltzaren eskaera ezagutu ostean, hedabideei bidalitako ohar baten bidez EAJk gogora ekarri zuen joan den ostiralean ikerketaren berri izan ostean kasuarekin lotutako alderdiko kideak ardura publikoetatik kendu zituela.

Era berean, alderdi jeltzaleak eskatu du ez dadila kasua “politizatu”, haren jatorria ez baitago kolektibo batean, “norbanakoen ustezko portaeran” baizik. Nolanahi, EAJri “deigarria” iruditu zaio fiskaltzaren zigor eskaera eta “prozesua zorroztasunez” eramateko eskatu du “bidezko epaiketa” izan dadin.

(Albiste honen jatorrizko bertsioa Argia.eus webgunean argitaratu da eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra)

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide