alea.eus

Oihane Pereak irabazi du 2017ko Arabako Bertsolari Txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Bertsozale elkartea 2017-04-03 09:07   Kultura

Oihane Perea da txapeldun berria, Asier Otamendirekin buruz burukoa kantatu ondoren. Oihane Pereari Karla Santistebanek jantzi dio txapela. 600 lagun elkartu dira Gasteizko Principal antzokian.

Oihane Pereak irabazi du 2017ko Arabako Bertsolari Txapelketa
Laugarren aldiz jantzi du Pereak Arabako txapela. | Ikusi handiago | Argazki originala

Larunbat arratsaldean, Gasteizen jokatu zen Arabako Bertsolari Txapelketako finala. Oholtzan, Arabako bertso eskolen sarea irudikatu nahi zuen amaraunaren pankartaren aurrean sei bertsolari hauek:

Manex Agirre (Aramaio)

Iñaki Viñaspre (Abetxuko)

Oihane Perea (Zalduondo)

Serapio Lopez (Baranbio)

Xabi Igoa (Aramaio)

Asier Otamendi (Gasteiz)

 

Nieves del Alamo aurkezle eta Aintzane Irazusta gai-emaileren eskutik sei bertsolariek ariketa puntuagarriak bukatuta, Oihane Perea eta Asier Otamendi pasatu ziren buruz-burukora. Azken ariketak bien artean jokatu ondoren, Oihane Perea nagusitu zen eta 2017ko txapelduna da. Hortaz, 2007, 2009, 2013an txapela irabazi ondoren bere laugarren txapela da 2017a hau.

Finaleko epaimahai 5 epaileekin osatuta egon da: Patxi AizpuruaAinhoa AizpuruaAitor Jimenez eta Mikel Fernandez de Arroiabe. Idazkari lanetan Esti Zengoitibengoa aritu da. Horrela puntuatu zituzten 6 bertsolariak:

Oihane Perea, 591.50 puntu
Asier Otamendi, 590.50 puntu
Manex Agirre, 390.00 puntu
Xabi Igoa, 384.50 puntu 
Iñaki Viñaspre, 380.50 puntu
Serapio Lopez, 372.0 puntu

Puntuazio tarte txikiak, beraz, 6 bertsolarien artean. Sailkapen honen arabera, lehenengo bi bertsolariek 2017ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusian kantatzeko eskubidea lortu dute. Udazkenean hasiko da Txapelketa Nagusia.

Karla Santistebanek jantzi dio txapela Oihane Pereari. Karla 1946an jaioa Arabako bertsolaritzaren sustatzailea izan da. 1982an Arabako lehenengo bertso-eskola sortu zuen, Aiaraldekoa. Geroztik antolatzailea, gai-jartzailea eta epailea izan da. Urte askotan lan isila egin du.



Hona hemen Karla Santistebanek kantatuko bertsoa:

Oihane, neska, zorionak
jaso txapel ta ohoreak,
baita hemen zagozienok,
zarielako hobeak,
Araban lehen bertsoak,
Lazarraga idazleak,
biba guardia zaharreko
bertsolari ta zaleak
8 eskualdetako
gogoz dabizen taldeak,
euskaltzale porrokatu,
euskaldunberri trebeak
bertsolaritzan gazteok
euskarri ta zutabeak,
gora Aiarako kimuak
ta Arabako loreak!
parkatu eta mila esker
Ibai eta Bego maiteak.

Eskerrak luzatu nahi dizkiegu, txapelketan parte hartu duten bertsolari, gai-jartzaile eta epaileei, hala nola, txapelketa osoan zehar laguntzaile izan ditugun bertsozaleei, bertso-eskolei, txapelketa hartu duten udalei, babesle, laguntzaile zein hedabideei…

Bertsolari bakoitzak ariketa ezberdinetan lortutako puntuazioak, gaiak eta argazkiak hemen ikusgai daude:
http://www.bertsozale.eus/eu/araba/arabako-bertsolari-txapelketa-2017/saioak/gasteiz-apirilak-1

Bertsoa.eus-en astelehenetik aurrera ikusgai egongo da saioari buruzko hautaketa eta elkarrizketak.


Txapeldunaren bukaerako agurra:


Iratxe ta Samaniego
zatitxo bat erdibana,
Lautadako bertso-eskola
gauean badugu plana!
Ta zuei bertsozaleak
hori indarra, hori xarma,
nik pixka bat sufritu dut
bai aste honetan barna,
ospitalean daukagu
gure etxeko armiarma,
gogoaren indarra da
entregatzen ez den arma,
gaurko honetan txapelak
Maitetxo izena darama!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa