alea.eus

Egoitzaren lehen eguna, aparta!!

Erabiltzailearen aurpegia 75 ordu euskaraz Agurainen 2016-05-24 22:58   Euskara

Giro ederrean ireki zituen lehen aldiz ateak Aguraingo 75 ordu Euskaraz ekimenerako atondutako egoitzak. Eguraldia lagun, umoretsu eta alai zebiltzan Aguraindarrak ostiral arratsaldean, eta halaxe joan zen arratsa egoitzan ere.

19.30ak aldera ateak zabaldu eta lan eta lan arduradunak: batek ardoa banatu, besteak pintxoak, “hemen borondatea!”, kamisetak, norbanakoen konpromezuak… aspertzeko astirik ez.

 

Jeiki dantza taldeak eta Jotafa euskaldunon txarangak dantza poteoa zuten egun horretarako antolatua. Eta geldialdietako bat… egoitza berrian! Horiek bai martxa! Musika, dantza, umorea, bizipoza eta konpromezua, euskararekiko konpromezua. Horiek denak kokteleran sartu eta giro aparta sortu zen egoitzako atarian. Eta inaugurazio borobila izateko… Dantzariek agurra dantzatu zuten atarian. Biba zuek!

 

Aipatu bezala, ekimena egunero eta edozein lekutan ikusi dadin, kamisetak eskatzeko aukera ere egon zen. Ostirala izan zen eskatu ahal izateko lehen eguna, berdea edo beltza, zein baina zein politagoak. Datorren ostiralean ere egongo da horretarako aukera. 60 salduta daude jada, argi ibili zuena eskuratzeko!

 

Norbanakoen konpromezuen pila ere pixkanaka pixkana handituz doa. Ostiralean 25 pertsonak eman zioten baiezkoa euskaraz bizitzeko konpromezuari. 200 norbanako lortzea da antolakuntzaren helburua, gero eta gertuago dagoen helburua.

 

Kontuak kontu, primerako arratsaldea: konpromezuen pila geroz eta handiagoa, inskripzio orri hutsena geroz eta txikiagoa, bete beterik eramandako pintxo bandejak hutsik bueltatu ziren etxera, eta euskaraz edozein lekutan eta edonorekin euskaraz aritzeko ilusioa sendoagoa dudarik gabe. Hau hasi besterik ez da egin!

 

Azaroaren 8, 9, 10, 11n, Agurainen, EGIN EZAZU EUSKARAZ EDONON ETA EDONOREKIN

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa