Logoa

Nortzuk gara

 

Euskarak Araban bizi duen egoera aspaldiko onena den arren, asko dago oraindik egiteko, hizkuntza menperatzen dugunok gero eta gehiago gara, baina erabileran hankamotz gaude; eta horretara dator neurri handi batean ere proiektu hau.

Arabarrok euskara hutsezko eskaintza informatiboa behar eta merezi dugulako hasi gara lanean eta arrazoi horregatik euskara hutsean argitaratutako komunikabide ireki eta anitza izan nahi du gureak. 

Tokian tokiko informazioa, anitza eta euskaraz; horrela laburbildu daiteke proiektu honek eskainiko duena.

 

Talde sustatzailea

Proiektu honen oinarrian dauden eragileak euskalgintzan eta euskarazko hedabideen arloan esperientzia handia duten erakundeak dira. Hain zuzen ere GEU Elkartea, Goiena Komunikazio Taldea eta Berria izan dira proiektua aurrera ateratzeko "ARABAKO ALEA KOMUNIKAZIO TALDEA" enpresa egitura sortu zuten sustatzaileak.

Euskarri ezberdinen koordinazio, kudeaketa eta erredakzio lana lan-talde profesional batek hartzen du bere gain.

 

Helburuak

Araban euskararen normalkuntzan eragitea da proiektu honen helburu orokorra, horretarako tresna bezala hedabideak baliatuko ditugularik. Helburu nagusi horri erantzunez, beste erronka ezberdinei ere emango diegu erantzuna:

  • Araba mailako euskaldun eta euskaltzaleon sarea osatzea
  • Euskararen erabilera esparru guztietan areagotzea; kalean, familian, saltokietan...
  • Herrialdea informatiboki euskararen bitartez kohesionatzea
  • Herritarren arteko komunikazio bideak euskaraz garatzea
  • Hizkuntzari, dagokion estatusa aitortzea
  • Euskara hutsezko proiektu komunikatibo, parte hartzaile eta irekia garatzea

   

Kolaboratzaile sarea

Kalitatezko produktu komunikatibo erakargarri bat diseinatzeaz gain, Arabako euskaldun eta euskaltzaleek osaturiko sarea ehundu nahi dugu, nolabait herrialdea bera ere kohesionatuko duena, tokian tokiko berezitasunak mantenduz eta horien berri emanaz.

Helburu horrekin, lurralde osoko norbanako, elkarte eta eragileen arteko kolaboratzaile sarea sortu nahi dugu, horrelako proiektu bat guztion artean egin behar dugulako.

Hortaz, zu ere proiektuaren parte izatera gonbidatzen zaitugu.

  Kontaktua: erredakzioa@alea.eus