alea.eus

Zigoitiko biodibertsitatea ezagutarazteko bi ibilbide biologiko egokitu dituzte

Mirian Biteri 2017-03-17 11:28  Gorbeialdea  Zigoitia

Proiektu zabala dauka esku artean Udalak; jarduera ezberdinak egitea aurreikusten du horrek.

Udalerria basoetan, errekatan edo mendietan aberatsa dela aprobetxatuz, biodibertsitate hori mundura zabaltzeko egitasmo zabala jarri du martxan Zigoitiko Udalak. Hainbat jarduera aurreikusten du horrek; tartean, ibilbide biologikoak seinaleztatzea.

Gorbeialdeko Kuadrillako Tokiko Agenda 21eko koordinatzaile Jon Toñak azaldu du helburu bikoitza duela proiektuak: batetik, herritarrak ondare naturalekin ohitzea, "ezagutu eta goza dezaten"; eta bestetik, jarduera fisikoaren ohitura sustatzea, bizimodu osasungarriagoa bilatuz.

Bi ibilbide diseinatu dituzte: Lisarandako larretik igarotzen den 5,5 kilometroko irteera da horietako bat. Basotik irten gabe mendi magalean dauden zelaietan agertzea da asmoa. Muruako harrobietako ondoko aparkalekuan du abiapuntu eta helmuga.

Toñak aipatu du udazkenetik dagoela egokituta esandako ibilbide biologikoa; besteak beste, informazio panelak jarri dira bertan. Zubialde errekastoko ibai-baso eguzkitsuenetan baso igel iberiarrak eta aurrerago iratzez eta sastrakez beteta dagoen basope trinkoan musker berdea bizi dela jakinarazten da horietan, eta baita Lisarandan bertan sugandila bizierrulea eta ibilbidean gora dagoen pagadian txantxiku arrunta aurkitu daitezkeela.

Etxaguen eta Oketa arteko irteeran, ostera, azken ukituak falta direla nabarmendu du: "Panelak dagoeneko badauzkagu; baina, dagokien tokian jartzea falta da. Datozen asteotan dugu ibilbidea egokitzeko asmoa".

Oketa mendiaren gailurrera irisi aurretik askotariko paisaiaz gozatzeko aukera ematen du bigarren bide horrek. Kasu honetan ere, musker berdea topatzeko aukera dago, baina baita horma-sugandila eta suge leunak, baso-igel jauzkaria, zuhaitz-igel arrunta edo uhandre marmel airea ere. Azken horren harira, koordinatzaileak gogorarazi du baso-igel jauzkaria espezie mehatxatuta dela, eta inguruneak ezagutaraztearekin batera, inportantea dela anfibioen kontserbazioa uztartzeko proiektuak garatzea.   

Urmaela haurreskolan

Egitasmoa ez da ibilbideetara mugatzen, askotariko ekimenak dabiltza eta antolatzen. Igandean, esaterako, "urmael txikia" egin zuten auzolanean haurreskolako atzealdean. "Putzu horrekin etxeko txikienen artean bertako anfibioen ezagutza bultzatu nahi dugu", esan du Toñak.

Bestalde, Gorbeia ikastetxean hitzaldia izan dute egunotan, eta horrez gain, Gorbeialdeko biodibertsitateari buruzko unitate didaktikoa prestatzen ari da Aranzadi zientzia elkartea, datorren ikasturteko gai-zerrendan txertatzeko. Irteera gidatuak ere antolatuko dituzte maiatzerako. Ikastetxeko umeei zuzenduta egongo da bat; bestea irekia izango da. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa