alea.eus

Apirilerako onartu nahi du Zuiako Udalak Murgiako kale nagusiko proiektua

Mirian Biteri 2017-02-22 08:55   Gizartea  Gorbeialdea  Zuia

Herria alderik alde zeharkatzen duen kaleko azpiegiturak berrituko direla aprobetxatuz, lehentasuna eman nahi zaie oinezkoei.

Zuiako Udalak badu dagoeneko aurtengo aurrekontu proiektua onartuta. EH Bilduren udal gobernuak egindako kontuek EAJko ordezkarien aldeko botoa jaso zuten urtarrilean egindako osoko bilkuran; ZBG aurka agertu zen eta PP abstenitu zen.

Aurrekontua 5,5 milioi euro ingurukoa da eta bi inbertsio handi egitea aurreikusten du; Murgia alderik alde zeharkatzen duen Domingo Sautu kaleko azpiegiturak berritzea da horietako bat. Unai Gutierrez alkateak azaldu du estolderia aldatzeko obra egin behar dela eremu guzti horretan: "Zahartuta dago. Batetik, amiantoa du, eta bestetik, pitzadura asko ere baditu", nabarmendu du. Lan egin behar dela aprobetxatuta, oinezkoek lehentasuna izango duen gune berritua egitea nahi du udal gobernuak.  

1,5 milioi euro

Abenduan proiektua aurkezteko batzar irekia egin zuten. Udal talde guztien babesa duen egitasmoaren aurrekontua 1,5 milioikoa dela jakinarazi zen bertan; Diputazioak emandako diru-laguntzari esker egin ahalko da hori. Herritarrei aurkeztearekin batera, udalerriko eragileei ere azaldu egin zaie ideia.

Proiektua idazten dabiltza orain. Gutierrezek jakinarazi du "hilabete edo gehienez, bi hilabete barru" egongo dela amaituta eta herritarrei azaltzeko bigarren batzar irekia eginda. "Egitasmoa onartzeko osoko bilkura deitu baino lehen horren aurkezpena egingo dugu; eta proiektua hobetzeko aldaketak jaso ezkero, horiek sartzeko aukera izango da", azpimarratu du alkateak. Gaineratu du udarako nahi dutela obrekin hastea.

Aurrekontuekin jarraituta, Pauldarren komentua erosteko kostuaren bigarren erdia ordaintzeko partida ere aurreikusi dute aurtengo kontuek; 0,7 milioi euro. Gutierrezek adierazi du uztailerako ordaindu behar dela zati hori. Udalaren asmoa da bertan kokatzea udalerriko ikastetxe guztiak.

Palatuko kirol instalazioak

Inbertsioak ez dira horretan amaituko. Nabarmendu du jarraipena eman nahi zaiola, alde batetik, eredu energikoa aldatzeko prozesuari, udal nahiz kontzejuen instalazioetan biomasa eta aurrezki-neurriak bideratuz. Bestetik, Palatuko kirol instalazioak handitzeko proiektua ere idazteko eta hirigintza plan orokorra berritzeko asmoa ere badu aurten Zuiako Udalak.

Era berean, diru partida berriak ere iragarri ditu, besteak beste, Udalak etxebizitza alokairua ordaintzeko laguntzak eskaintzea aurreikusten duena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa