alea.eus

Gertu dute Aramaion naturaren jarduna uztartzen duen programa

Mirian Biteri 2017-02-16 09:58   Ingurumena  Gorbeialdea  Aramaio

Larunbatean hasiko dira ekintzak; eskolako Lehen Hezkuntzako ikasleek pago motzen gaineko erakustaldian parte hartuko dute.

Zuhaitz Eguna egin izan dute orain arte urtero Aramaio aldean. Aurten, baina, Udalak, guraso elkarteak eta eskolak elkarlanean antolatutako ekintza horren gaineko gogoeta egin dute, eta, zuhaitzak landatu beharrean, ingurumenarekin lotutako beste hainbat ekintza egitea erabaki dute.

Kuadrillako Tokiko Agenda 21eko koordinatzaile Jon Toñak proposamen berria azaldu du: "Baso zabalera handia dugu udalerrian eta konturatu gara, hein handi batean, zentzua galtzen zebilela Zuhaitz Eguna. Hori dela eta, aurten buelta ematea pentsatu dugu. Naturarekiko errespetua eta hartu-emana ahalik eta jasangarriena sustatzea da proposamen berriarekin bilatzen duguna".

Otsailera begira, bi ekintza antolatu dituzte. Lehena larunbatean, otsailaren 18an, izango da: Lehen Hezkuntzako ikasleekin batera, San Kristobal inguruan dagoen zelai batera joango dira goizean, eta pago motzen inguruko erakustaldia egingo dute.  Aurretik, ikazkinen jarduna, zuhaitza hil gabe egurra nola atera edota pago motzetan sortzen diren ekosistemei buruzko bideoa ikusiko dute astean zehar eskolan; ikus-entzunezkoa ikustearekin batera, ingurumen zinegotziaren eta guraso elkarteko ordezkariaren azalpenak jasoko dituzte saio horietan.  

Fruta arbolak landatu

Hilaren 24an, Haur Hezkuntzakoen txanda izango da; hain justu ere, eskola ondoko lur eremuan fruta arbolak landatuko dituzte. Natura errespetatuz fruitu asko jaso daitezkeela erakutsi nahi diete txikiei.
Egitaraua ez da bi ekintza horiekin amaituko, izan ere, maiatza aldean  eskola inguruan belar metak egiteko asmoa dute. Animaliak nola izan, horiek dakarten lana eta bestelakoak jorratuko dituzte modu horretan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa