alea.eus

"Lehengaiei ematen diogu garrantzia turroiak egitean"

Mirian Biteri 2016-12-26 12:37   Gizartea  Gorbeialdea  Urkabustaiz

Izarrako Urtaran okindegi eta gozotegian buru-belarri dabiltza asteotan turroiak eta Gabonetako bestelako gozoak prestatzen; artisauak dira guztiak.

Gabonetan etxeetako mahaietan falta ez diren gozoak egiten dituzte Izarrako gozotegian: turroiak. Jose Luis anaiarekin batera dihardu zeregin horretan Amaia Urtaranek. Noiztik?
1958. urtean, okindegi bezala zabaldu zuten aitak eta osabak, gozoren bat edo beste ere egiten bazuten ere. Anai-arrebak ogibidean sartu ginenean bestelako gozoak sartzen joan ginen; tartean, artisauak diren turroiak. Horiekin eta etxeko berezitasunekin hamabost bat urte edo daramatzagu dagoeneko.

Artisauak izanda, harrera ona izango dute ezta?
Bai, oso ona. Gu, behintzat, oso pozik gaude produktuarekin; egiten dugun guztia salduta dugu. Dena dela, ez dugu sorta handia egiten; urtero egiten dugu kopuru berdina: 2.500 tableta inguru. Esan bezala, artisauak dira turroiak, produktuaren kalitatea eta lehengaiak zaintzen ditugu.

Ohiko turroiez gain, bereziak ere prestatzen dituzue...
Hala da. Artisauak dira, bai; baina horrekin ez du balio, artisau asko daude oso produktu onak prestatzen dituztenak. Hori kontuan izanda, betiko gorringo-turroiaz, mazapanez edo esne-gain eta intxaurrekin egindakoaz gain, zapore ezberdinak dutenak ere prestatzen ditugu. Horretarako, kalitate handiko zortzi edo bederatzi txokolate motarekin jokatzen dugu, eta horietan askotariko zaporeak aurkitu ditzakete bezeroek, hala nola, pasioaren fruituarenak edo fruitu gorriarenak edo lehorrarenak.

Hori da orduan Urtaran gozotegiaren sekretua?
Bai. Aipatu bezala, artisauak izateaz gain, garrantzia handia ematen diogu lehengaiari. Azken hori funtsezkoa da produktu onak lortzeko. Gainera, ingurune pribilegiatuan gaude, eta hortaz, Gorbeialdeko produktuak erabiltzen saiatzen gara. Esnekiak, esaterako, bertakoak dira, eta intxaurrak ere inguruko nekazariei erosten dizkiegu. Fruitu gorriekin berdin; masusten garaian, esaterako, horiek erosi egiten ditugu eta marmeladak egiten ditugu, edo izozten ditugu. Guzti horiek turroiak egiteko erabiltzen ditugu gero.

Berrikuntzarik al duzue aurten?
Bai. Turroi freskoak eskaintzen saiatzen gara.  Afari baten ostean txokolatea ondo sartzen ote den galdetzen diogu gure buruari, eta horregatik, turroiei freskotasun bat ematen diegu, eta horretarako, fruituekin jokatu egiten dugu, askotariko zaporeko krema eginez. Hori aldatzen doa urtetik urtera.  

Zein da gehien eskatzen den turroia?
Hasteko, esan beharra dago gure turroien izena nahiko berezia dela. Gure seme-alaben izenak erabiltzen  ditugu horietarako. Nahia turroiak, esaterako, oso harrera ona izan du aurten; guztiz salduta dugu. Txokolate zuriaz eta fruitu tropikalez eginda dago hori. Txokolate zuria eta mahaspasaduna ere asko eskatzen dute, Izarra izenekoa.

Turroiez gain, Gabonetako bestelako gozoak ere egiten dituzue...
Polboroiak ere saltzen ditugu, eta baita Gabonetako gailetak eta txokolatezko iruditxoak ere. Saiatzen naiz guzti horiek gaur egungo ohituretara eta joeratara egokitzen.   

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa