alea.eus

Eskalmendiko trikuharria lehengoratzea eskatu dute

Mirian Biteri 2016-12-15 11:15   Kultura  Gorbeialdea  Arratzua-Ubarrundia

Arratzua-Ubarrundiako udalbatzak aho batez onartu du osoko bilkuran esandako eskaera.

Eskalmendiko trikuharrian lan arkeologikoak egiteko eta kultura-ondare izendatzeko asmoz, EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu du Arratzua-Ubarrundiako udalbatzak, aho batez. Udal talde horretako bozeramaile Ekaitz Diaz de Garaiok esan du "aparteko" trikuharria dela bere tamainagatik eta baita kokapenagatik ere.  

XIX. mendeko idazki historikoek trikuharri horren gaineko informazioa jasotzen zuten. Becerro de Bengoak eta Ladislao de Velascok Zadorra errekatik gertu zeuden bi trikuharrien berri ematen zuten 1881. urtean: hain justu ere, Kapelamendikoa eta Eskalmendikoa. Baina, XX. mendean, Enrique de Egurenek egindako txostenean ondorioztatu zuen Eskalmendin ez zegoela trikuharririk. Mende osoan zehar ez zen hilobiari buruzko berri gehiagorik eman.

2011. urtean Arkeologiarako Arabar Institutuak egindako zundaketa baten emaitzek trikuharri horri buruzko datu esanguratsuak eskaini zituzten. Brontze Aroko tamaina handiko trikuharria izango litzatekeela ondorioztatu zuten, 76 metroko diametroa lukeena eta lau metroko altuera. Tipologiari dagokionez, hileta ganbara bat izango luke, hamar bat metroko zabalera izango lukeena.

Azken azterketa arkeologikoak kontuan izanda honako hau azpimarratu du Diaz de Garaiok: "Ikerketa horiek indusketa bat egitea gomendatzen dute, eta gure ustez, gure ondare historikoa berreskuratze bidean eremu hori biziberritzea oso aurrerapausu garrantzitsua izango litzateke".

Hiru eskaera

Udalabatzak onartutako mozioak hiru eskaera ditu: Batetik, hilobiak babeste aldera, hirigintza-arauak egokitzeko eskaera egiten dio Arratzua-Ubarrundiako Udalari. Diputazioari aztarnategia berreskuratzeko lan arkeologikoetarako dirua bideratu dezala proposatzen dio. Eta Jaurlaritzari kultura-ondare izendatu dezala eskatzen dio.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa