"Trebakuntzan hutsuneak dituzte kirol hezitzaileek"

Mirian Biteri 2016ko aza. 18a, 07:00

Kirol hezitzaileak euskaraz aritzeko ikastaroa antolatu dute Gorbeialdean; Ahize-AEK aholkularitza-enpresako Lurdes Etxezarretak horren berri eman du.

Gorbeialdeko Kuadrillak eta Arabako Diputazioak elkarlanean Kirol Hezitzaileak Euskaraz ikastaroa antolatu dute. Zein asmorekin?
Arabako Foru Aldundiak proposatuta atera da proiektua aurrera; asmoa da kuadrilla guztietan kirolean euskararen erabilera sustatzea helburu duen ikastaroa eskaintzea. Gorbeialdean egingo dugu lehenengoa. Kirol hezitzaileei zuzendutako saioak dira; hain justu ere, kirol arloan lan egiten dutenei begira prestatu ditugu.   

Nola dago banatuta ikastaroa?
Bi zati izango ditu: lehen saioan, hizkuntza kudeaketari buruzko hitzaldia eskainiko dugu; bertan hizkuntza garrantziari buruz hausnartzen lagunduko diegu parte-hartzaileei. Bigarren zati batean, hizkuntza gaitasunerako trebakuntza jorratuko dugu. Hain justu, normalean arlo honetan aritzen diren hezitzaileek trebakuntza aldetik hutsuneak dituzte, jakintza badute ere. Euskaldunak dira, euskara maila badute, baina, bi gabezia izaten dituzte: batetik, jarrera hutsunea dute; kirolean euskaraz egiteko ohiturarik ez dago eta gaztelania oso hedatuta dago. Bestetik, hiztegi teknikoa erabiltzerakoan ere hutsuneak daude; gaztelaniaz zelan diren badakigu, baina ez gara gai euskaraz esateko. Hori guztia landuko dugu ikastaroaren bigarren zatian, parte-hartzaileei egokitutako bi saiotan.

Azken hori funtsezkoa izango da, ezta?  
Bai. Ikastaroa prestatzerakoan kontuan izaten dugu zeintzuk datozen saioak entzutera; bereziki, trebakuntzari dagokionari buruzko materiala beraien beharretara egokitzeko. Badaude hainbat gai kirol jarduera guztiek komunean dituztenak, hala nola, beroketak egitea edo giharrak lantzea. Baina, gero, kirol bakoitzak dauka bere hiztegia.

Oker ez banago, Diputazioak argitaratu berri duen gida praktikoaren hedapena ere egingo duzue ikastaroan.  
Bai, hala da. Hasierako proposamen honen oinarrian badago Arabako Foru Aldundiak argitaratu duen Jarri euskara sasoian, astindu mihiak izeneko gida praktikoa. Kirol hezitzaileentzako sortu duen gida txikia da, eta horren zabalpena ere egingo dugu.

Argi dagoena da kirolean ere zeregina badagoela. Zelakoa da zehazki euskararen egoera kirolean?
Nik esango nuke ezberdintasunak daudela kirol batetik bestera, eta baita eskualde batetik bestera ere. Errealitateak oso ezberdinak dira. Orokorrean, umeekin lan egiten dutenek erabileran hobeto dabiltza, baina gazte eta helduekin gaztelania da nagusi; hutsune handia dago.

Zer nolako parte-hartzaileak izango dituzue Gorbeialdean?
Dagoeneko amaituta dago izen-ematea; zortzi lagun daude, guztiak eskualdekoak. Askotarikoak dira: pilota federazioko langile bat dago, herri kiroldegietako arduradunak, kirol ikasketak egiten dabiltzan gazteak, eskola kirolean dabilen beste bat... Nahiko zabala da.

Murgian izango dira saioak...
Hala da, liburutegian. Astelehenetan izango dira; hain justu, azaroaren 21ean eta 28an eta abenduaren 12an. Goizean egingo ditugu; lehen saioa, 10:00etatik 12:00etara; eta gainerako beste biak, hiru ordukoak, 10:00etatik 13:00etara. Lehen eskola teorikoa Ahizeko teknikari batek emango du; trebakuntza saioak, berriz, AEK euskaltegietako irakasle batek.

Gorbeialdean izango da lehenengoa. Baina gainerako eskualdetan noiz duzue ikastaroa egiteko asmoa?
Horretan gabiltza. Lautadan, Mendialdean eta Aiaraldean parte-hartzaileak lotzen gabiltza orain. Datozen asteotan dugu toki horietan martxan jartzeko asmoa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide