Jose Mari Azkarraga 'Lurgorri' euskaltzalea omendu dute Aramaion

Mirian Biteri 2016ko aza. 13a, 07:00

Aramaion jaio ez bazen ere, herriarekin lotura estua izan zuen Jose Mari Azkarraga Mozo Lurgorri-k eta, hori dela eta, gogoan eduki nahi izan dute bere jaiotzaren mendeurrenean, urriaren 29an.

Errenterian jaio zen.Ama bertakoa zuen eta aita, berriz, aguraindarra. Espainiako Informazio ministerioarentzat lan egiten zuen aitak, eta lan kontuek behartuta, Madril eta Bilbo artean bizi izan zen batez ere Lurgorri. Toribio Leaniz Barrutiari esker Aramaio ezagutu zuten gurasoek, eta bertan etxea eraikitzea erabaki zuten; Ibargoia kaleko zazpigarren zenbakian.

Bederatzi urte zituela pasa zuen lehen uda Aramaion Lurgorri-k. Laster egin zuen lagun kuadrilla, eta herriko hainbat jardueratan ere parte hartu zuen; besteak beste, Tellamendiko gurutzea jartzen ibili zen 1935ean. Aipatzekoa da, aldi berean, Mario Bonetarekin eta Pako Salaberrirekin izandako harremana. Azken honekin batera joan zen 1930ean Madrilera, Zuzenbide ikasketak egitera.

Fakultatean zegoela, Madrileko Eusko Ikasle Batzako presidente hautatu zuten 1933. urtean; euskal nazioaren defentsan aritu zen gogotsu, beste zenbait kiderekin batera. Horri esker, Jose Antonio Agirre, Manuel Irujo edo Jose Miguel Barandiaran ezagutu zituen, beste askoren artean.

Lehen urrats politikoak

Aramaioko Euzko Gaztedian afiliatu zen eta bertatik lehen urrats politikoak eman zituen, EAJko kide ospetsuekin han eta hemen hitzaldiak ematen aritu zela 1934 urtetik. Urte hartan bertan, Instrukzioko Ministerioaren Administrari-Tekniko Kidegorako oposizioak egin ziren Madrilen; eta 4.000 lagunen artean lehena atera zen Lurgorri. Oñatiko institutuan lan egitea aukeratu zuen.

1936ko gerrak Aramaion harrapatu zuen, eta EAJren aginduei jarraituz, Debagoienako erresistentzia antolatu zuen. Halaber, kazetari lanetan ibili zen, 1937an Santoñako traizioan atxilotu zuten arte. Urte hartako abenduaren 16ko egunsentian fusilatu zuten, 21 urte zituela, Derioko hilerrian.

Aramaioko herriarekin izan zuen lotura kontuan hartuta, Udalak Lurgorri pasealekua inauguratu zuen bere omenez 2003ko apirilaren 12an. Bere egunean jarritako plakaren oinarria hondatuta zegoenez, harri berria jarri dute toki berean eta plaka jarri dute berriro. Horrez gain, urriaren 29an, jaio zeneko mendeurrenean, bigarren plaka bat jarri zuten, pertsonari buruzko informazio gehiagorekin.

Ilobaren hitzaldia

Bada, ez da Aramaion egunotan  egin duten ekimen bakarra. Aste honetan bertan, eguaztenean, Jose Mari Velez de Mendizabalek, Lurgorri-ren ilobak, berbaldia eskaini zuen; berak idatzi du Lurgorri izeneko liburuxka. Jose Mari Azkarragaren bizitzaren berri ematearekin batera, Aramaiorekin izandako harremana azaldu du du Velez de Mendizabalek hitzaldi horretan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide