Proiektuak orokorrean berdina izaten dihardu, baina lehiaketa berria deitu behar izan du Udalak hori aurrera atera ahal izateko. Moyua enpresari esleitu dizkiote oraingoan eraikuntza lanak, esan bezala, 1,06 milioi euro ingururen truke; BEZa gehitu behar zaio kopuru horri.
Nekane Garaigordobil alkateak jakinarazi du obrak zazpi hilabetetan bukatzeko konpromisoa hartu duela enpresak, eta hortaz, "edozein eragozpenik egon ezean", maiatza erdialderako amaituta egon beharko liratekeela igerileku berriak. Jarraian, instalazioak zabaldu ahal izateko baimenak eskatu eta horien kudeaketarako lehiaketa etorriko litzateke. Edozein modutan ere, Udalaren asmoa da datorren urteko udan instalazio berriak martxan jarri ahal izatea, "abuztuan bada ere".
Bi igerileku
Esan bezala, proiektua bere horretan mantentzen da. Hasi berri diren lehen fasean, bi igerileku egingo dira. Handienak 25 x 17 metro koadro izango ditu, eta 1,60 metroko sakontasuna; igerian egin ahal izateko bi kale jarriko dituzte, eta baita txirrista eta erdigunean uhartetxoa ere. Umeen putzuak, berriz, 12 x 5,8 metroko neurria izango du.
Ondoan, eraikina altxatuko dute. Besteak beste, aldagelak, komunak eta soroslearentzako gunea hartuko ditu horrek, eta baita taberna ere. Igerilekutik zein kanpotik sartzeko aukera izango du. Taberna urte osoan zabalik egongo dela azaldu du alkateak. Bestalde, berdegune zabalez gain, pilotalekua ere eraikiko dute bertan.
Bigarren fase batean, autokarabanentzako gunea egokituko litzateke; kulunkadun jolasgunea eta askotariko erabilerarako pista bat ere jarri nahi ditu Legutioko Udalak ingurune horretan.