Oreinen orroaldia gertutik entzuteko eta ikusteko aukera izan dute egunotan 45 lagunek

Mirian Biteri 2016ko urr. 7a, 07:00

Oreinen birsorkuntza portaera ikusi dute 45 lagunek Diputazioak martxan jarritako proiektuaren bidez. Asmoa da ikuskizun horrek duen eskaerari erantzutea.

Egunsentian edo iluntzean Gorbeiako magaletara joatea eta orroaldi sasoian oreinek eskaintzen duten ikuskizunarekin gozatzea. Horixe da asteotan lagun ugari egiten ari direna; batzuk banaka joaten dira, eta bakar batzuk, berriz, Arabako Diputazioak antolatu dituen irteeretan.   

Hainbat urte pasa dira marrualdian azken bisitak antolatu zirenetik. Garai hartan, lur orotako ibilgailuen bidez igotzen zituzten parte-hartzaileak behatoki natural bateraino. Baina, ibilgailuen edukiera murritza dela onartu du Arabako parke naturaletako zerbitzu zuzendari Fernando Camarak, eta, hortaz, bisita horiek egiteari utzi zioten.

Hamar kilometroko irteerak

Dena dela, Diputazioan jabe dira ikuskizun horrek "gero eta ikusmin gehiago" sortzen duela, eta, aurten, irteera "esperimentalak" antolatzea erabaki dute. Ibilgailuak erabili beharrean, oinez egin dira joan-etorrian zailtasun ertaina duten hamar kilometro inguruko bisitak. Gainera, irteeran zehar Amaiur Ruiz eta Unai Perez de Arriba gidek gaiaren inguruan azalpenak eman dizkiete parte-hartzaileei, eta behatoki naturalean marrualdia hobeto ikusteko teleskopio eta prismatikoak erraztu dizkiete.

Aurten, hiru irteera egin dituzte irailaren 23an eta 30ean, eta urriaren 1ean; bakoitzean 15 lagunek parte hartu dute. Ez dago esan beharrik arrakastatsuak izan direla, jarraian bete dira plaza horiek. 

Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 77. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide