Festan murgilduko dira gaur zigoitiarrak

Mirian Biteri 2016ko uzt. 29a, 09:15

Aurtengo berrikuntzen artean, aipatzekoak dira larunbatean jokatuko den I. Esku Pilota Txapelketaren finala eta igandean egingo duten argazki rallya. 

Eguzki jaiei buruzko argazki rallyari dagokionez, parte hartzeko interesa dutenek jakin dezatela gaur, ostirala, eman behar dutela izena Bengolarra parkean, 17:30etik 18:30era. Igande goizean, 11:00etatik 12:00etara, irudiak jasoko dituzte, eta arratsaldean, 20:00etan, emaitza ezagutaraziko da.

Denera, lau sari banatuko dira. Argazki eta bilduma onenek argazki materialean gastatzeko 100 euroko bonu bana irabaziko dute; gazte eta umeen irudi hoberenek ere badute saria: Carrefourren gastatzeko 50 euroko bonua.

Esan bezala, aurten, lehen aldiz jokatuko da Zigoitiko I. Esku Pilota Txapelketa. Dagoeneko hasi egin dira norgehiagokak, eta larunbatean, hilak 30, azken bi partiduak jokatuko dira, 19:30ean. Hain justu ere, Igor eta Hegoi Azpiazuk osatutako bikoteak Mikel Rafael eta Roberto Vicenteren kontra lehiatuko dira 3. eta 4. postua lortzeko; finala, berriz, Mikel Isasmendi-Sendoa Resano eta Mikel Larrañaga-Aitor Agirre osatutako bikoteek jokatuko dute.

Patata tortilla lehiaketa

Bestalde, iaz izandako harrera ikusita, aurten ere patata tortilla lehiaketa berriro egitea erabaki dute. Larunbatean izango da, 20:00etan, Bengolarra parkean; izena, bada, aurretik eman behar zen.

Sukaldariek 45 minutu izango dituzte tortilla egiteko, eta 20:55erako aurkeztu beharko dute. Antolatzaileek osagai nagusiak jarriko dituzte, eta parte-hartzaileek tortilla egin ahal izateko tresnak ekarri beharko dituzte etxetik. Hiru sari daude: irabazleak urdaiazpikoa eramango du etxera; bigarrenak, gazta; eta hirugarrenak, bi txakoli botila.  

Egitaraua ikusita, aspertzeko astirik ez da izango egunotan Zigoitian.

Egitaraua:

Uztailak 29

  • 17:00 Esku pilota.
  • 19:15 Eguzki Mariri ongi etorria zentroan. Pregoia eta jarraian, kale antzerkia.
  • 21:00 Umeen ikuskizuna.
  • 21:30 Herri afaria.
  • 23:00 Dantza plaza.
  • 01:30 Kontzertuak: DJ Loro eta Kodigo Norte.

Uztailak 30

  • 12:00 Azoka ekologikoa.
  • 12:30 Meza.
  • 13:30 Herri kirolak.
  • 15:00 Nagusien bazkaria.
  • 17:00 Argazki eta karta txapelketen sari banaketa zentroan.
  • 17:30 Dantzaldia.
  • 18:00 Areto futboleko partidua. Finala.
  • 19:30 Zigoitiko I. pilota saria.
  • 20:00 Patata tortilla lehiaketa.
  • 22:30 Kontzertuak: Ekin/ Los Chicos del Maiz.
  • 02:00 Dantzaldia Akerbeltz taldearekin.

Uztailak 31

  • 11:30 Umeentzako bolu txapelketa.
  • 12:00 Puzgarriak.
  • 12:00 Argazki Rallya Bengolarran.
  • 13:00 Euskal dantzak eta txakoli eta gazta dastatzea.
  • 17:00 Mus txapelketa. Izenematea, bertan.
  • 17:00 Puzgarriak.
  • 19:00 XIX. Bolu txapelketa. Gizonezkoa eta emakumezkoa.
  • 19:45 Argazki rallyaren emaitza .
  • 20:00 Kontzertua: Patxi Leiva, Bengolarra terrazan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide