Mikel Markez: "Abesteaz gain, kantua ere kokatzen dugu tailerrean"

Mirian Biteri 2016ko mai. 20a, 07:00

Euskal kantagintzan erreferentzietako bat den Mikel Markezek Zigoitia bisitatzen du hilero, bertan egiten ari diren kantu tailerra gidatzeko. Orain arte egindako saioez gain, esku artean duen lan berriaz egin du berba gipuzkoarrak.

Azken hilabeteotan, kantu tailerra gidatzen ibili zara Zigoitia aldean. Zelan joan dira saioak?
Oso ondo. Errazagoa da horrelako kantu tailerra egitea jendeak berez baduenean kanturako zaletasuna, joera, gosea, egarria edo dena delakoa. Eta, egia esan, Zigoitian topatu dudan kuadrilla oso kantuzalea da. Esango nuke oso aldekoa dela, eta oso erraz egin zait, batetik, kantatzea eta kantu-araztea; eta bestetik, baita ere, oso harrera onarekin hartu dute partaidek botatzen ditudan "txapak".

Zer da zehazki saioetan egiten duzuena?
Kantua kontestualizatu egiten dugu: nork egiten duen, noiz egin den, une horretan zer gertatzen zen gizartean. Eta, bestetik, kantuak berak askotan biltzen dituen anekdotak eta interpretazioak ezagutzea. Uste dut kantu tailerretan oso garrantzitsua dela horrelakoak ezagutzea. Askotan kantua kanta genezake, besterik gabe. Kantatu, ezagutzen dugulako eta polita iruditzen zaigulako; baina kantuek, normalki, izaten dituzte bestelako ibilbideak.


Oker ez banago, partaide asko aurretik ere kantu tailerrean ibilitakoak dira...
Hala da, bai. Aipatu didate bazutela ohitura, egin izan dituztela kantu tailerra aurretik ere. Hori jakinda, saiatu egin naiz ohikotik aparte beste motako tailerra egiten; hau da, horren ohikoak ez diren inguruko gaiak hartu eta zenbait kantu landu ditugu. Eta azpimarratu beharra dago orain arte egindako saioetan giro ederra izan dugula.  


Ildo horretatik, zer nolako abestiak jorratu dituzue orain arte? Klasikoak edo denetarikoak?
Denetarik. Erromantze zaharrak, agian horren ezagunak ez direnak; eta berdin, Gernikako arbola.  Egia esan, ez naiz aritu garai konkretu bati begiratzen, edo, ez ditugu bakarrik landu balada zaharrak. Garai ezberdinetako kantuak izan dira, edo hobe esanda, izaten ari dira.


Hori da. Izan ere, ostiralerako zegoen azken saioa aurreikusita, baina atzeratu behar izan duzue ezta?
Bai. Ukalondoan arazoa izan dut, eta igeltxoa jarrita nago. Hori dela eta, maiatzaren 20rako ez naiz egongo gitarra jotzeko moduan, eta atzeratzea erabaki dugu. Ekainaren 3an egingo dugu, Akostako txokoan, 20:30ean.


Bestalde, nola animatu zara Zigoitiko tailerra gidatzera?
Mairuelegorretako jaialdian parte hartu nuen iaz bigarrenez. Hor atera zen ideia. Talde jatorra, kantu zalea topatu nuen; feelinga dagoenean jendearekin berehala atzematen da. Aipatu zuten aurretik egiten zutela, baina irakasle gabe zeudela, eta norbaiten beharra zutela tailerra berriro ere martxan jartzeko. Azkenean, bazkal osteko beroaldi batean, saioak gidatzera animatu egin nintzen. Egia da horrelako ikastaroak eman izan ditudala aurretik, demagun 10 edo 15 bat urte. Baina, azken urteotan, gehiago egin izan ditut kantaldiak eta horrelakoak.


Tailerra gidatzeaz gain, bestelako zereginetan ere ibiliko zara... Zertan zabiltza orain?
Hurrengo lanari begira kantuak egiten nabil. Hain justu, kantuak ontzen, testuak biltzen, musikak egiten... prozesu horretan murgilduta nago. Gurea ez baita izaten oso matematikoa, ez dugu normalki bi urtetik behin diskoak egiten. Datorrenean egiten dugu diskoa, kantu mordoxka bildu ditugunean eta ateratzeko prest daudela ikusten dugunean hasten gara diskoarekin.  Dozena bat kantu ontzeko moduan nago orain. Ikusten dut bai, gertu xamar dagoela hurrengo lana.


Noizko ezagutuko dugu?
Oraindik ez dugu datarik zehaztu, baina, nik uste dut urtebeteren bueltan ibiliko dela. Heldu den udazkenean ez bada, udaberrian izango da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide