"Ortuan eginez ikasten dela esaten diet hasiberriei"

Mirian Biteri 2016ko api. 23a, 07:38

Murgian izan da asteon Jakoba Errekondo usurbildarra Bizi Baratzea liburua aurkezten. Ortuaz ezer ez dakienarentzako eta baita honezkero ari denarentzako gida eskaintzen du.

Auzoz auzo eta herriz herri dabil azkenaldian Jakoba Errekondo paisajista eta landareetan aditu gipuzkoarra. Iazko apirilean hasi zen Bizi Baratzea. Garaian Garaikoa Garaiz liburuaren aurkezpen solasaldien birarekin eta dagoeneko ehundik gora eskaini ditu; asteartean Murgiako liburutegian izan zen.  

Baratzezaintzari buruzko jakintza bildu duzu 200 orrialde inguruko liburuan...
Bai, hala da. Euskal Herriko baratzaren izaera biltzen duen filosofia jaso dut liburuan, eta horrekin  gaur egun baratza egiteko aukerak eta proposamenak eskaintzen ditut. Ni saiatzen naiz bakoitzak egin behar duen hori pentsuarazten eta laguntzen.  

Liburua aurkezteko ehun solasalditik gora eskaini dituzulako azken urtean. Pozik egoteko modukoa...
Oso pozik nago, bai. Horrelako lanak hartu eta gero jendeak horrelako harrera emateak, egia esan, poza ematen du.   

Baratza boladan dagoela esan dezakegu?
Zalantza gabe. Jendea berriro ere lurrera begira jartzen ari da. Gaur egun oso arduratuta gaude gure osasunarekin; azken horren bueltan, elikadurari garrantzia ematen diogu. Nik uste dut horrek denak laguntzen duela.

Zortedunak gara orduan. Liburuan diozulako Euskal Herria paradisua dela baratzentzako. Zergatik?
Klima da berezitasun nabarmenena; kokapen geografikoak ekartzen du klima eta baldintza ekologikoak. Esaterako, Euskal Herrian bi "udaberri" ditugu; benetako udaberria eta udazkena. Garbi daukat: gu bizi gara oso toki epel eta goxo batean, eta era berean, urik ez zaigu falta. Eta hori Europan ez da oso ohikoa. Bestalde, toki bakoitzak bere berezitasunak eta bitxikeriak ditu; Euskal Herrian mikroklima egoteaz gain, herri berdinean ere ez da berdina izaten mendiaren alde bat edo bestea.  

Ortugintzan murgildu nahi duen batentzat zer nolako aholkuak emango zenizkioke?
Lasai-lasai hasteko eta eginez hasten dela esaten diet. Oso erraza dela eta emaitzak izugarriak direla; batetik, kalitatezko barazkiak lortuko dituztela gogorazten diet, baina, bestetik, osasuna hartuko dutela eta barazkien benetako balorea ikasi egingo dutela ere azpimarratzen diet.   

Hori hasiberri batentzako. Eta lurra lantzen urteak daramatzanentzako gomendiorik al duzu?
Sakondu nahi dutenei, esaterako, trikimailu mordoa ematen diet; gero, landareekin sendabideak nola erabiltzen hasi ere erakusten diet. Ilargiaren eraginez ere hitz egiten dugu solasaldietan. Horientzako ere badago zer ikasi.

Aurkezpen solasaldietan horren gaineko azalpenak eskaini ostean, jendeari hitza ematen zaio. Zer nolako zalantzak dituzte?
Denetarik galdetzen dute. Tokiak baldintzatzen ditu galderak. Leku batzuetan basoa da garrantzitsuagoa, beste batzuetan fruta-arbolak edo sagarrondoak, eta beste hainbatetan, baratza edo lorategiak. Sasoia ere oso garrantzitsua da. Orain, esaterako, baratzean produktuak jartzeko sasoia dator; eta duela bi hilabete, berriz, arbolen iñausketa eta landaketaren garaia izan zen.  Laburbilduz, tokia eta garaiari lotutako galderak izaten dira.

Zalantzekin jarraituz, horiek jasotzeko bloga ere baduzu, ezta?
Bai, hala da. Argia aldizkarian Bizi Baratzea bloga topatuko dute zaleek; nahi dituzten galderak egin ditzakete bertan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide