Gorbeialdeko sareko ginkanak baditu irabazleak

Euskara Zuian 2016ko mar. 22a, 10:38

Murgiako Institutuko ikasle Irene Etxebarria eta Ana Velasco izan dira irabazleak

Lehenengoz antolatu du aurten Zuiako Kuadrillako euskara zerbitzuak, Murgiako institutuaren eta Kultur Kabiaren laguntzarekin, eta Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduta, GO!RBEIA sareko ginkana. Helburua, proba erraz zein dibertigarrien bitartez, Gorbeialdeko nerabeek sare sozialetan zein interneten euskarak dituen aukerak ezagutaraztea izan da; azken finean, teknologia berriak eta euskara modu ludiko batean uztartzea.
 
Gorbeialdeko 12 eta 16 urte arteko gaztetxoei zuzendutako egitasmoa izan da, eta gazteek sekulako erantzuna eman dute: guztira, udalerri guztietako 167 gaztek eman zuten izena hasiera batean, 80 taldetan banatuta. Ondoren, probek aurrera egin ahala, finenek jarraitu dute, eta, amaierarako, 80 talde horietatik, 35 izan dira modu aktiboan ariketak egiten jardun dutenak (guztira, 78 gaztetxo. Ez dago batere gaizki!!).
 
Bi hilabetetan zehar, bi astean behin, bost proba egin behar izan dituzte parte hartzaileek. Eta, amaieran, egindako lana baloratu ondoren, azpiko argazkian duzuen bikotea atera da irabazle: Murgiako Institutuko ikasle Irene Etxebarria eta Ana Velasco. 600 euroko txekea jaso dute biek, hainbat komertziotan gastatzeko aukerarekin. Zorionak biei!!
 
Ez da ginkanak eman duen sari bakarra izan, ordea. Parte hartzaile guztien artean zozketa egin, eta sari berezi bat jaso du ondorengo hirukoteak: Leire Arrizabalagak, Goiuri Erizek eta Irati Concepcionek. Zorionak beraiei ere!!
Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide