Legution gertu dute Pazkoa asterako umeen aisialdi programa

Mirian Biteri 2016ko mar. 10a, 08:00

Lana eta familiaren arteko kontziliazioa errazte aldera, Pazkoa astean, 3 eta 12 urte bitarteko umeentzako udaberrirako aisialdi programa gertatu du aurten lehen aldiz Legutioko Udalak.

Urtxintxa eskolaren eskutik, Udaberriko Munduko artistak izeneko udaleku irekien formatua duen egitasmoa debalde jarri du udalerriko familien esku. 

Legutioko Euskara eta Kultura teknikari Estitxu Iturratek azaldu du programa horren bidez "euskara, sormena, parte-hartzea, elkarlana, kulturartekotasuna eta gorputz adierazpena" jorratuko direla bereziki.
Saioak martxoaren 29tik apirilaren 1era izango dira, 10:00etatik 14:00etara bitartean, Legutioko kultura etxean.

Egun horietan askotariko ekintzak izango dituzte haurrek, hala nola, ezagutza eta konfiantza jolasak, dantza afrikarrak, mural sortzaileak, margotzearekin esperimentazioak edo stop-motion gorputz eraikuntzak.

Bi talde

Iturratek gaineratu du adin tarte handia dela kontuan hartuta bi talde osatuko direla; hain zuzen, txikien eta handien taldeak. 10 eta 12 umeko arteko talde bakoitzean hezitzaile bat egongo dela ere esan du teknikariak.

Interesatuek astelehenera arte, hilak 14, dute izena emateko aukera, liburutegian, udaletxean edo kultura@legutio.eus helbide elektronikoan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide