Aramaioko musikari ospetsuena omenduko dute

Mirian Biteri 2016ko mar. 3a, 09:29

Ehun urte beteko dira apirilaren 9an Bizente Goikoetxea aramaioarra hil zela; iazko irailetik lantaldea dabil lanean, konpositorearen heriotzaren mendeurrenaren bueltan askotariko ekintzak antolatzeko

Aurten 100 urte beteko dira Bizente Goikoetxea musikari aramaioarra hil zela; hain justu ere, 1916ko apirilaren 9an hil zen, Valladoliden. Hori dela eta, Aramaioko Kultura eta Kirol sailak urteurrena antolatzeko lantaldea jarri zuen abian iazko irailean.  

Ideia Udaletik irten bazen ere, askotariko pertsonek osatu dute taldea: Kultura  eta Kirol zinegotzi Cristina Etxenausiak, EAJ-PNVko zinegotzi Rafael Bengoak, Sabin Salaberri musikari adituak, Aramaioko seme kuttun eta historialari Jose Mari Velez de Mendizabalek, Bixente Goikoetxea abesbatzako presidente Jose Luis Madinak, Aramaioko musika irakaskuntzaren arduradun Larraitz Arriolabengoak, herriko San Martin ikastetxeko musika irakasle Iban Pagaldaik, Kultura teknikari Itxaso Aspiazuk eta Lierni Altuna alkateak.

Europan erreferente

Cristina Etxenausiak lantaldearen helburua zein den esan du: "Bizente Goikoetxea eliza-musikako konpositorerik hoberenetarikoa izan da Europa mailan. Hori kontuan izanda, herriak dituen baliabideez aprobetxatuz, bi gai jorratuko dira datozen hilabeteotan: herriak izan duen musikaria ezagutzera ematea eta dagokion garrantzia eta lekua ematea. Bestetik, Bizente Goikoetxearen lana zabaldu nahi dute; ez bakarrik herri mailan, Araba osoan ezagutaraztea da helburua. Horretarako askotariko ekintzak antolatu ditugu apirilaren 16an hasita".

Jaiotako etxeko plaka

Ekimen horien artean, aipatzekoa da gaur egun herriko Bañera parkean jarrita dagoen estatua eraberrituko dela. Horrez gain, gogoraztekoa da herriko plazak Bizente Goikoetxea duela izena, eta bertan dagoen etxe batean jaio zela konpositorea. Etxe horretako horman dagoen plaka ere eraberritzeko asmoa dute.
Adibideak baino ez dira aipatutako bi ekintzak. Haren heriotzaren mendeurrena aprobetxatuz, apirilaren hasieran egingo duten agerraldian eskainiko dute prestatutako gainerako ekimenen berri. Horren harira, Kultura zinegotziak azpimarratu du Aramaioko proiektua Valladoliden antolatuko den omenaldiarekin koordinatuta dagoela. "Urte asko eman zituen aramaioarrak Valladoliden; han ere oso ezaguna da, eta mendeurrenaren bueltan ere badabiltza zerbait antolatzen", azpimarratu du Etxenausiak.    

Kultura elkartea

Bestalde, jakinarazi du hasiera batean, lantaldea martxan jarri zela mendeurrenaren bueltan ekintzak antolatzeko; bada,  urtez urte lan egiteko aukera proposatu zen egindako bilera batean; hain justu ere, elkarte kulturala bihurtu eta herriko beste kultura talde bat bezala, Bizente Goikoetxeari buruzko ekintzak antolatu. Etxenausiak adierazi du lantaldeak ontzat jo duela kultura elkartea eratzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide