Arabako Inauteriak 2016

Gizontxo eta Roxalin, Urkabustaizko inauterien protagonistak

Erredakzioa 2016ko urt. 31a, 09:34

2008tik Urkabustaizko inauteriak modu alternatibo eta autogestionatuan antolatzen dituzte.

Asko dira Araban azken urteotan berreskuratu diren herri inauteriak. Ezagunak dira oso Zalduondo, Asparrena edo Kanpezukoak. Izan ere, 2015ean gizateriaren ondare ez-materiala izendatu zituzten.

Urkabustaizen lan horri ekin zioten 2008an, Urkabustaizko gazte asanbladaren ekimenez. Inauteriak herria berpizteko aitzakia ona zela pentsatu zuten orduan, Unai Vianak gazte asanbladako kideak azaldu bezala. Antzina, tradizioa oinarri ospatzen zituzten inauteriak berreskuratu nahi zituzten eta horretarako, herriko nagusiengana jo zuten, informazio bila. Horrez gain, bertako kultur elkarte eta dantza taldearekin ere jarri ziren harremanetan.

Geroztik, herritarrek harrera ona egin diote ekimenari eta haien laguntzari esker gazte asanbladaren ekimena aurrera atera zela azaldu du Vianak. "Inauteriak modu alternatibo eta autogestionatuan antolatzen ditugu", zehaztu du asanbladako kideak, baina antolatzen dituzten ospakizunak balore historikorik ez dutenez, ez dira Arabako herri inauteriak elkarteko kide. 

Gizontxo eta Roxalin, protagonistak

Gizontxo (gizon-otso) eta Roxalin dira protagonistak Urkabustaizko inauterietan. Ezinezko amodioa kontatzen du bi hauen arteko istoriak; basoan bizi den gazte basati eta herrian sorgintzat hartzen duten neska gazte baten artekoa, hain zuzen ere. Zoritxarrez, istorioak amaiera tragikoa du,  herritarrek Roxalin akelarrean erretzen baitute.

Hitzordua, otsailaren 5ean

"Inauteri xumeak dira, urtez urte indarra hartzen doazenak baina oraindik ere asko dago hobetzeko", gaineratu du Vianak. Horretarako, arabar guztiak animatzen dituzte ospakizunean parte hartzera. Aurten, otsailaren 5ean izango da hitzordua eta egun horretarako egitarau zabala prestatu dute Izarran:

19.00 Kalejira eliza zaharretik (musika, joaldunak, maskarak eta buruhandiak)

19.30 Akelarrea Gaztetxea

20.00 Txokolatada eta dantza plaza

21.00 Kontzertu akustikoa

22.00 Afari herrikoia

23.00 Kontzertuak: Inedituak Punk, Sukar Gorri, Hobetu beharra, Defizit

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide