Zuiako aurrekontuak onartuta, kontrako botorik gabe

Erredakzioa 2016ko urt. 25a, 09:20

2016ko aurrekontuak guztira 3,4 milioi euro ditu. Besteak beste, eredu energetikoa aldatzeko bidean dauden proiektuak daude aurrekontuaren baitan.

Zuiako Udalak 2016ko aurrekontuak onartu ditu kontrako botorik gabe. EH Bilduren udal gobernuak egindako aurrekontuen egitasmoak EAJ eta ZBG udal taldeen aldeko botoa jaso du eta PP abstenitu da. Guztira 2016ko aurrekontuak 3,4 milioi euro ditu. Zuiako alkate Unai Gutiérrez Urkizak azpimarratu duenez, “adostasunaren eta parte hartzearen ondorioz atera dira aurrekontuak udal gobernuak beste taldeekin adosteko gaitasuna izan duelako eta beste behin ere udalerriaren herri guztietako iritziak eta ekarpenak jaso direlako".

 

Aurrekontuetan jasotzen diren egitasmoen artean, eredu energetikoa aldatzeko bidean dauden proiektuan daude. Izan ere, udaleko bi eraikinetan gas galdaren ordez biomasa jarriko da. Guztira 76.500 inbertituko dira aldaketa honetan. Horrez gain, beste 50.000 euro aurreikusi dira energia-eraginkortasuna hobetzeko.

 

Kirol eta kultura arloan, kirol azpiegiturak handitzeko eta kultur etxea eraikitzeko proiektuak egiteko aurrekontu sail bana sartu dira. Era berean, hirigintza plan orokorra datozen lau urteotan egin beharreko aurre lanak egiteko aurrekontua dago.

 

2016ko aurrekontuak aurreko urteetako kirol eta kultura elkarteentzako diru laguntzak mantendu ditu, baita kontzejuek burutzeko hainbat lan ere (365.000 euro). Izan ere, aurrekontuak egin aurretik, udalerria osatzen duten hamaika kontzejuetan egon da udal gobernua eta aurrekontuen egitasmoa azaltzeaz gain, iradokizunak eta ekarpenak jaso zituzten.  SARE plataforma herritarrarekin hitzarmena sinatzeko beste aurrekontu saila dute aurtengo aurrekontuek.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide