San Ignazio Loiolakoaren kalea eraberrituko dute

Erredakzioa 2017ko ots. 22a, 13:07
San Ignazio Loiolakoaren kalea.

Udalak San Ignazio Loiolakoaren kalea eraberrituko du, espaloiak zabaldu eta oinezkoen zirkulazioa hobetzeko. Bidegorria egingo dute, eta aparkalekuak desagertuko dira.

Udalak espazioak birbanatuko ditu. Batetik, aparkalekuak kenduko dira galtzadaren bi alboetan, zamalanetarako lekuak izan ezik. Mugikortasun murriztuko pertsonentzat bi aparkaleku utziko dira, eta 15 minutuz aparkatzeko zenbait geraleku. Udala auzokoentzako aparkatzeko alternatibak aztertzen ari da.

Bi zuhaitz lerrokadura ere kenduko dira, fatxadetatik oso hurbil baitaude, eta Iparraldeko parkeko parterrearen zati bat atzeratu egingo da, leku gehiago izatearren. Lan horiek espaloiak lau metrora zabaltzea ahalbidetuko dute. Horietako batean bidegorri bat jarriko da.

Bide batez, Udalak bilketa pneumatikorako sareak berrituko ditu: iparraldeko espaloian dauden ahoak hegoaldera aldatuko dira, bizitzetatik gertuago baitago, beste aldean bidegorria egin ahal izateko. AMVISAren saneamendu eta hornikuntza sarea ere osorik berrituko da, eta bidenabar, telekomunikazio-sarearen airetiko lineak lurperatuko dira. Argiteriari dagokionez, hobekuntza puntualak egingo dira, duela gutxi luminaria arrunten ordez led teknologiakoak instalatu baitira.

"Udal gobernuaren asmoa da espazioa modernizatzea, atseginagoa bihurtzea eta oinezkoen zirkulazioa hobetzea. Izan ere, kaleko espaloiak oso estuak dira, eta autobusak gelditzen direnean kaosa eta segurtasunik eza sortzen dira. Espaloiak zabalduz oinez eta bizikletaz doazen pertsonek leku handiagoa izango dute. Inguruan bi ikastetxe izatea ere garrantzitsutzat jotzen dugu", esan du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak.

San Ignazio Loiolakoaren kalea eraberritzeko aurrekontua 1.454.672,37 euro izango da (AMVISAren saneamendu eta hornikuntza sarea berritzeko 851.345,47 euro barne). Lanak gauzatzeko epea 6 hilabete izango da, esleitzen direnetik kontatzen hasita.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide