alea.eus

Edurne Herranen 'Geroaldi perfektua' erakusketa dago ikusgai

Mirian Biteri 2017-02-17 11:09   Kultura  Gasteiz

Erakusketarekin batera jarduera osagarriak antolatu dituzte: larunbatean, esaterako, 'Mi otro yo: Dr. Lan eta Mr. Jai' izeneko tailerra eskainiko du artistak.

Iazko proiektu artistikoen deialdi barruan aurkeztutako lana da, eta horren baitan denboraldi honetarako aukeratutako hiru lanen arteko bigarrena. Apirilaren 9ra arte egongo da ikusgai.

Identitatearen gaiari heldu dio oraingoan artistak, etengabe lantzen ari den prozesutzat hartuta. Azken bi urteotan, bere identitatearen beste identitate paralelo batzuk eraiki ditu, eta praktikan ere jarri ditu, bere estetika eta izaera guztiz eraldatuz. Egunaren arabera, kode ezberdinekin jokatu eta pertsonaia desberdinak irudikatu ditu.

Esan bezala, erakusketarekin batera hainbat jarduera osagarri antolatu dituzte; larunbatean, otsailaren 18an, egingo dute bigarrena: Mi otro yo: Dr. Lan eta Mr. Jai izeneko tailerra. Nork bere alter egoa sortzeko ariketak proposatuko dizkie Herranek parte-hartzaileei, rock izarra, heroia edo bestelako pertsonaiaren bat bihurtu daitezen, era ludikoan. Montehermosoko lehen solairuan dagoen erakusketa aretoan izango da tailerra, 17:00etatik 21:00etara.

Zinema-zikloa

Hirugarren jarduera bat ere izango da erakusketa horrekin lotuta: Irudizko bikiak zinema-zikloa. Egileak aukeratutako lau film eskainiko dituzte, jatorrizko bertsioan gaztelaniazko azpitituluekin, otsailaren 28tik martxoaren 28ra bitarteko astearteetan (martxoaren 14an izan ezik). Librea izango da horretarako sarrera, lekuak bete arte.

Aurkezpenean, Gasteizko Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok nabarmendu du proiektu artistikoen deialdiari "maitasun berezia" diola, tokiko artisten lanak ezagutarazteko balio duelako, proiektuen produkzioa eta zabalkundea bultzatuz. Horrekin lotuta, proiektu artistikoen 2017ko deialdiaren berritasun bat aurreratu nahi izan du zinegotziak: "Aukeratutako lanei laugarren bat gehituko zaie, berariaz ikus-entzunezko proiektu batekin zerikusia duena. Deialdia handitzeko ez ezik, Montehermoson ikus-entzunezkoen alde egiteko ere bada aukera hori".

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa