Irakurketa poetikoa egingo dute astelehenean Letren Fakultatean

Erredakzioa 2017ko ots. 3a, 12:33
Esteve Plantada poeta katalana izango da errezitaldian. / E.P

Esteve Plantada eta Gracia Jimenez poeta katalanekin batera, besteak beste, Itxaro Borda, Beñat Sarasola eta Juan Kruz Igerabide izango dira.

Otsailaren 4tik 7ra bitartean, Gasteizen Itzulpen poetikoko mintegia izango da. Lau euskal poeta, bi poeta katalan eta zazpi itzultzailek parte hartuko dute itzulpengintza topaketa honetan. Astelehenean, halaber, irakurketa poetiko bat egingo dute EHUren Letren Fakultatean.

2015 urtean Etxepare Euskal Institutuak eta Institució de les Lletres Catalanes (ILC) erakundeak Katalunian Itzulpen poetikoko mintegia antolatu zuten. Tere Irastorza eta Karlos Linazasoro izan ziren poeta eta itzultzaile katalanekin Farrera de Pallarseko Arte eta Natura Zentroan gonbidatu gisa egon ziren euskal poetak. 

Joan-etorriko bidaia honen bigarren zatia Gasteizen egingo dute otsailaren 4tik 7ra. Oraingoan Esteve Plantada eta Gracia Jimenez izango dira Euskal Herrira etorriko diren poeta katalanak. Haiekin parte hartuko dute mintegian Itxaro Borda, Leire Bilbao, Juan Kruz Igerabide eta Beñat Sarasola poetek, eta Gerardo Markuleta, Elizabete Manterola, Joannes Jauregi, Aritz Galarraga eta Josu Zabaleta itzultzaileek. Amaia Apalauzak gidatuko du mintegia. Irakurketa poetikoa astelehenean izango da, 16:00etan, Letren Fakultatean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide