"Antolatutako kanpaina bat daukate Elizaren kontra"

Anakoz Amenabar 2017ko ots. 2a, 11:45
Juan Carlos Elizalde, Gasteizko apezpikutzan. / Mirian Biteri

Urtebetean Gasteizko elizbarrutiko errealitatea ezagutu eta bide-orria ezartzeko denbora izan du Juan Carlos Elizalde gotzainak; Eliza eta gazteen arteko zubilanak osatzea du lehentasunetako bat.

Urtebete egingo du martxoan Juan Carlos Elizaldek (Mezkiritz, Nafarroa, 1960) Gasteizko gotzain izendatu zutenetik. Elizbarrutia ezagutu du tarte honetan, eta aldaketak ere ekarri ditu, haren gobernu talde berriarekin. Erronken artean, Elizaren eta herritarren arteko komunikazioa areagotzea du helburu.   

Nolakoa izan da lehendabiziko urtea?

Lehenik eta behin errealitatea ezagutu nahi nuen, bertatik bertara, nik neuk, aurreiritzirik gabe, asmatu gabe. Beharrak, gabeziak, asmoak zeintzuk diren ikusi, eta errealitatea hobeto ezagutzen dutenen aholkuak jaso, ezagututakoan etorkizuneko plana prestatzeko. Lehenengo pausoa apezpiku-kontseilua berritzea izan da, eta bigarrena elizbarrutiko ordezkariak biltzea izango da, egitasmo bat osatzeko. 

Komunikazio modua ere aldatu da? Besteak beste, duela bi urte elkarrizketa hau egitea ezinezkoa zelako... 

Oso garrantzitsua da komunikazioa. Miguel (Asurmendi) oso gutxi ezagutu nuen, aldaketa garaian bakarrik, eta oso gizon adeitsua zen, baina medioekin ez dakit zer jarrera zuen... Komunikazioa erraza izan behar da, gardena, ohikoa, egunerokoaren parte. 

Sare sozialetan ere aritzen zara, ezta?

Bai, jarraitzen dut. Beharbada ez ditut lehen bezain gertutik eramaten, baina saiatzen naiz egunean egoten eta mundu guztiarekin erraz komunikatzen.

Nolakoa da ezagutu duzun Gasteiz?

Lehenengo inpaktu moduan, pluraltasuna nabarmenduko nuke, oso nahasia, anitza eta bizia. 

Eliza nola ari da egokitzen gero eta anitzagoa den gizarte horretara?

Ahal duen moduan kar kar. Gizartearen parte gara, noski, eta joerek, sentsibilitateek, denek bustitzen gaituzte, eta uste dut barnetik ari garela laguntzen. Gizarte aldakorra da, eta horrek ere gu behartzen gaitu nortasun kristaua hobeto zehaztera eta perfilatzera. Hobeto zehaztu behar da identitatea, eta komunikatu behar da sormen handiagoarekin eta beldur gutxiagorekin; espiritu askeago batekin komunikatu behar dugu gizartea ikusteko dugun modua, gure alternatibak eta erronkak.

Beste erlijio batzuetako kideekin baduzue harremanik?

Bai. Are gehiago, Gasteizen dauden beste erlijioek eta konfesioek uste dut ikusten gaituztela elkarrizketarako bitartekari on moduan. Komunikazio ona dago eta harremana ona da; batzuetan bitartekotza egin behar izan dugu, edo tentsioa kendu behar izan dugu.

Zenbat apaizgai dago Gasteizen?

Bat dugu, baina Bilbon ari da ikasten. Ez dugu hemen bakarrik egoterik nahi, eta asteburuetan etortzen da Gasteizera.

Zeri zor zaio bokazio falta hori?

Mendebaldeko Elizan joera nagusia dela uste dut. Beste herrialde batzuetan eta beste gune kultural batzuetan, aldiz, bokazio asko dago. Zoritxarrez joera nahiko orokorra da, baina ez du esan nahi konformatuko garenik. Lanean hasi gara, sinodo berri batekin: "Gazteak, sinesmena eta banaketa". Honetan azpimarratzen dugu gogo handiarekin lan egin nahi dugula. Ni ez nago gogogabetuta, bizitza kristaua bizi duten gazteak giza osotasun bat dutelako, izugarria; beste gazte batek bizi dezakeena ez dute galtzen (dibertsioa, proiektuak, etorkizuna...), eta, aldiz, osotasun bat ematen duen plus bat dute. Arazoa ez da gazte kristaua izatea gaur egun alternatiba txarra denik, nik neuk ez dut hoberik ezagutzen, baizik eta Eliza eta gazteen arteko zubi asko moztuta daudela eta oso gutxik igarotzen dutela. Lortzen dutenek, aldiz... Elizan ez dut ezagutzen harekin pozik ez dagoen gazterik, edo huts egin dionik. Komunikazio arazo bat ere bada, hein handi batean. 

Badago Elizarekiko aldentze bat, ordea.

Bai bai. Izan daiteke mugimendu pendular hauengatik; Gasteizen, esate baterako, dena izan da Eliza, eta orain aldentze nabariko garai bat bizitzen ari gara. Belaunaldi berriek, adibidez, ez dute inolako autoritarismorik bizi izan Elizaren partetik, baina belaunaldi zaharragoek beharbada bai... Zalantzarik gabe, antolatutako kanpaina bat daukate Elizaren kontra, eta horrek ere aurkako iritzia eragiten du. Topikoek funtzionatzen dute, eta ez dago modan kristau izatea. 

Antolatutako kanpainaz ari zarenean, sexu abusuen inguruan hedabideetan esandakoez ari zara?

Handiagotu egin dituzten puntu ilunetaz. Ulertzen da. 

Juan Kruz Mendizabalen moduko kasu batek eragiten dio Elizari?

Bai, zalantzarik gabe. Oso mingarria izan da, Elizaren irudia zipriztintzen duelako, eta, noski, gaitzespen guztiak merezi dituen gertakaria delako. Elizak biktimak laguntzeko asmoz lan egingo du, eta argi adierazi du  zer iritzi duen. Nik igorritako komunikatuan bat egin dut Donostiako gotzainak egindakoarekin; aztertu eta argitu egin behar da. Ez dugu ezer gehiago esateko, neurriak hartuta zeuden aspalditik eta aktuazio protokolo bat dago Vatikanotik, gotzain eta elizabarrutiak lotzen dituena. Oso argia da, eta gizarte zibilarena baino zorrotzagoa.

Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 92. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide