6.000 parte-hartzaile izango dira Gasteizko inauterietan

Erredakzioa 2017ko urt. 31a, 17:15
24 taldek parte hartuko dute aurtengo desfilean.

Otsailaren 21ean hasiko dira ospakizunak. Asteburuko desfileetan 24 taldek parte hartuko dute.

Legoak, mamutzarrak, pailazoak, bikingoak, bidelapurrak, dalmaziarrak, tribuak eta Sekula Santan Ez Lurraldeko pertsonaiak Gasteizko inauterietako protagonistak izango dira. Aurten otsailaren 21etik 28ra bitartean ospatuko dituzte, eta guztira, 6.000 pertsona inguruk parte hartuko dute asteburuan egingo diren desfileetan, 24 konpartsetan banatuta.

Ospakizuna hilaren 21ean, asteartean, hasiko da Europa biltzar etxean. Bertan, inauterietan parte hartuko duten konpartsak aurkeztuko dituzte, eta herritarrei festan parte hartzeko gonbita luzatuko zaie.

Bi egun beranduago, hilaren 23an, Ostegun Gizen izango da, eta hiriko kale eta plazetan umeen abesbatzen ibilbidea egingo dute, 17:30etik 19:30era. Bertan izango dira Udalaren Folklore Akademiaren eta Arabatxo-Haurren abesbatzak, musikari eta dantzariekin batera. Ibilbidea amaitzean, 19:30en, talde guztiak elkartuko dira plaza Berrian.

Hilaren 24an, ostiralean, 19:30ean Luis Aranburu Musika Eskolako ikasleek Inauterietako entzunaldia egingo dute. Ondoren, 21:00etan, Indarteriak ikuskizuna eskainiko du Indarra Kultura Elkarteak, Andre Maria Zuriaren plazan.

Larunbatean, 13:00etan Gasteizko Margolarien kalejira egingo da eta, besteak beste, Ibiltariari mozorroa jantziko diote. 18:30ean, berriz, Inauterietako desfilea hasiko da. Aurten ohi baino ordu erdi lehenago izango da, konpartsek hala eskatuta. Guztira, 24 konpartsek parte hartuko dute; 6.000 pertsona inguruk. Ibilbidea Legutiako atetik hasi eta Florida parkean amaituko da. Igande eguerdian berriro ere aterako dira konpartsak kalera.

Larunbat gaua girotzeko, musika izango da hiriko kale ezberdinetan; 23:00etan plaza Berrian dantzaldia izango da, Koxkor taldearen eskutik. Eta 00:00etan Batukada egingo dute Bloco Afro Iguazu taldekoek.

Azkenik, otsailaren 28an, asteartean, Sardinaren ohiko dantzaldia egingo dute, 19:00etan Lisker taldearen eskutik. 20:00ean sardina erreko da, plaza Berrian.

Egitaraua: Gasteizko inauteriak 2017

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide