Gasteiz eta Angulemaren arteko senidetzea beste 25 urtez luzatu dute

Erredakzioa 2017ko urt. 30a, 16:14
Asteburuan Gasteizko alkate eta zenbait zinegotzi izan dira Angulema hirian.

Senidetze honek 50 urte bete diutu aurten. Hori dela eta, komikiaren inguruko jarduera anitz antolatu ditu Udalak uztailera bitartean.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta Angulemako alkate Xavier Bonnefontek bi hirien arteko senidetzea berritzeko hitzarmena sinatu dute asteburuan, Angulemako Nazioarteko Komiki Jaialdiaren testuinguruan. Izan ere, aurten aliantza horren 50. urteurrena ospatzen ari dira bi hiriak, eta orain, agiria sinatzearekin, beste 25 urtez luzatu dute akordioa. "Angulemarekiko senidetze hau ospatzen dugu, bi hiriei ekarri dizkien onurak ospatzen ditugu, eta senidetzeak eman dizkigun gauza onak etorkizunean ere jarraitzea espero dugu", adierazi du Urtaranek.

Xavier Bonnefontek, berriz, senidetzeak duen balioa azpimarratu du. Bonnefontek Gasteizko alkatearen bisita garrantzitsua dela esan du, lankidetzarako aukera berriak sortu baititu, eta oroitu du antzeko bilera izan zuten azken aldia 1992an izan zela, Jose Angel Cuerdarekin. Azkenik, Gasteiz eta Angulema komikiaren bidez lotutako hiriak direla aipatu du. Izan ere, egunotan Komikiaren Azoka ezaguna ospatzen ari dira Frantziako hirian eta bertan izan da Gasteizko Udaleko ordezkaritza.

Urteurrena ospatzeko jarduera anitz

Asteburuko jarduera instituzional hau, ordea,  ez  da izan Udalak urteurrena ospatzeko antolatu duen bakarra. Uztailera bitartean, jarduera anitz antolatu ditu, hala nola, egunotan Zuloa liburudendan ikusgai den Planche en vrac et à la découpe komiki erakusketa. Otsailaren 13ra bitartean izango da bertan Etienne Lécroart komikigile frantsesak sortutako erakusketa. Jostailuen eta marrazkiaren munduak uztartzen ditu lan honek, komikietako bineta ezberdinen bitartez.

Hurrengo jarduera, berriz, otsailaren 4an izango da, ilustrazioari eta komikiari lotutako ekintzak antolatu baitira kalean. Otsaileko lehen astean ere bi hirietako ilustratzaileen arteko trukea egingo dute.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide