Armentia-2 putzuaren lanak esleitzen hasi direla salatu du Berriztuk

Erredakzioa 2016ko abe. 13a, 13:05
Subilla-Gasteiz putzua.

Eusko Jaurlaritzak Ingurumen Ebaluazioa oraindik tramitatzen ari denean argitaratu du iragarkia.

Berriztu mugimendu berriak adierazi bezala, Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Hidrokarburoen Erakunde Publikoaren (SHESA) bitartez, lizitazio iragarkia argitaratu du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, "Armentia 2 izeneko hidrokarburoen esplorazioaren zundaketan zulaketa egiteko, iraupen laburreko probak egiteko eta, hala badagokio, osaketa gauzatzeko zerbitzuez eta beharrezko materialez hornitzeko".

Iragarki honen aurrean, Berriztuk bere kezka agertu du. Batetik, lizitazio hau proiektuaren Ingurumen Inpaktuko Ebaluazioa garatzen ari den bitartean argitaratu delako. "SHESAk proiektua bere horretan onartuko diotela uste duela adierazten du horrek, bestela ulertezina da momentu honetan aurre kontsulta fasean dagoen txostena izatea lizitazioek oinarri gisa hartzen duten dokumentua". Hala, plataforma berriak ohartarazi du "nahikoa informazio jasotzen ez duen eta zaharkituta egongo den dokumentu" batean oinarrituko litzatekeela martxan dagoen lizitazioa. berauek aurkezteko epea atzo, abenduaren 12an amaitu zelarik. "Hau guztia BEZa kontuan hartu gabe, 27 milioi euroko aurrekontua duen proiektu bati buruz ari baikara", gaineratu dute ohar baten bidez.

Beste alde batetik, lizitazioarentzat aukeratutako kontratazio motan jarri du arreta Berriztuk, hots, prozedura negoziatuan, hain zuzen ere. Izan ere, prozedura "azkarragoa eta ezkutuagoa" dela salatu du.

"Eusko Jaurlaritza presaka dabil bere zulatze planak garatzeko eta parte hartzea alde batera uztea edo prozedurak bata bestearen gainean tramitatzea pagatu beharreko ordainsariak dira estrategia horretan". Horren aurrean,  Berriztuk baimen horien tramitazioak bertan behera uzteko eskatu dio Jaurlaritzari.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide