"Epe bat jarri behar zaie 'ghetto' bilakatu diren ikastetxeei"

Anakoz Amenabar 2016ko aza. 17a, 11:49
Amelia Barquin, Oihaneder Euskararen Etxean. / Aritz Mtz. de Luna

Ikastetxeetan jatorriaren araberako segregazioarekin amaitu behar dela dio Amelia Barquin kulturarteko eta genero hezkuntzako adituak; neurriak hartu ezean, gizartea "zatitu" eta ondorioak izango ditu.

Azken 40 urteotako eraldaketa politiko eta sozialen lekuko da Trantsizioak bilduma, Argia aldizkariak Oihanederren paratutako erakusketa. Tarte berezia du han immigrazioak, egungo erronka nagusienetakoak, eta hezkuntza arloan nolako egokitzapena eman den eta egiteko zer lan dauden azaltzeko gerturatu da bertara kulturarteko hezkuntzan aditua den Amelia Barquin (Bilbo, 1965). Egungo "bi bideko" hezkuntza sistemak "amildegia" handitu baino ez duela egingo iragarri du, eta berandu baino lehen neurriak hartzeko eskatu.     

Azken urteetako fenomeno esanguratsua da immigrazioa, baina nola egokitu dira ikastetxeak erronka berrira?

Araban momentu honetan atzerritar jatorria dutenak dira populazioaren %10a, eta zenbaki antzekoa da hezkuntzan. Inork espero ez zuen fenomeno bat da, inork ez zuen iragarri, eta egokitzeko fasean gaude, gizartean zein hezkuntzan. Oraindik hainbat erronka dauzkagu, tartean hizkuntzarekin; eskolara datoz gaztelania ere ez dakiten umeak eta ikasten ari gara hori kudeatzen. Badaukagu lana oraindik.   

'Ikasiko ote dute etorkinek euskaraz?', zen garai bateko beldurretako bat.

"Hau bakarrik falta zaigu!", esaten zen, egoera ez zelako desiragarria, normalizaziorako bidean urrats asko egin behar zirelako, eta beste populazio geruza bat helduko zelako, euskaraz jakin gabe eta ikasteko asmorik gabe –beste erdaldunekin gertatzen zaigun bezala, bestalde–. Horri buelta emateko diskurtso bat garatu dugula uste dut, euskararen ajeen errua etorkinei ez botatzeko. Haiekin gertatu da nabarmendu dela aurretik zegoen egoera soziolinguistikoa, eta hortan euskaldunok dugu erronka bat: sentiarazi behar diegu euskararik gabe zerbait falta zaiela. 

Nola egin euskara "beharrezko"?

Umeak dira gure itxaropena, autoktono elebakarrekin gertatzen zaigun bezala. Eta, gai horretan indar apur bat falta zaigu. Ikastetxeen aldetik entzun nahiko nuke: "Etorri gure ikastetxera, etorri gurekin euskalduntzera!". Oso exijenteak gara etorkinekin, integratzen ez direla esaten dugu –asimilazio terminoetan– eta, aldi berean, ez dugu erakusten gogoa haien umeak erakartzeko, eta sentitzen da batzuetan nahi ez diren ikasleak direla gure hezkuntza sisteman. Kontraesan potolo bat dugu hor. Besteak beste, baliabide falta dago; aniztasun honi erantzuna emateko ikastetxeek baliabide gehiago beharko lituzkete, zama moduan ez sentitzeko. Eta, noski, gure gizartean dagoen elitismoa; ikastetxe batzuetan ez dira ongi-etorriak etorkinen seme-alabak, prekarizatuenak direlako, eta moduak bilatzen dituzte kanpoan uzteko. 

Jatorriaren araberako segregazioa agerikoa da Gasteizen.

Kezkagarria da gertatzen ari dena. Hasieratik ikusi ziren joera horiek eta urte hauetan zehar salatu dira, baina Hezkuntza administrazioak ez du neurri eraginkor nahikorik jarri joera sozial hori bideratzeko. Jatorri etorkina daukaten umeen artean %95 daude ikastetxe publikoetan, batzuetan gainera, ikastetxe publiko batzuk ere elitistak direlako, baina hezkuntza kontzertatuan egoera nabarmenagoa da. Gizarte moduan bideratu behar dugun gai bat dugu; segregatzen baldin baditugu etorkinen seme-alabak eta, aldi berean, oso exijenteak baldin bagara integrazio terminoetan, zer aterako da koktel honetatik hamar edo hamabost urte barru?

Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 83. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide