"Gasteizko gaztetxoak kantuan eta dantzan jartzeko asmoz gatoz"

Mirian Biteri 2016ko aza. 17a, 09:23

Saioan parte hartuko duten gaztetxoekin entseguan izango da aholkuak ematen Kantariko aurkezle Amaia Txintxurreta, eta grabazio egunean agertokian egongo da neska-mutilei abesten laguntzen eta publikoa animatzen.

Zuretzat ez da berria Kantari karaoke ikuskizuna ezta?
Debagoieneko herrietan dagoeneko bost urtetan egin dugu, beraz, badaukagu esperientzia gaztetxoekin karaoke munduan. 7 eta 11 urte bitarteko Debagoieneko 1.000 gaztetxok hartu zuten parte grabatu genuen azken aldian, eta gaztetxoen artean arrakasta itzela izaten du. Pozgarria izaten da neska-mutilak agertoki gainean ilusioz gainezka ikustea, euskal kantuak abesten eta dantzatzen dituzten bitartean. Pozik etortzen dira eta oso polita izaten da.

Orain Gasteizko gaztetxoek dute aukera Kantarin parte hartzeko.
Hala da. Kantarirekin helburua izaten da gaztetxoak euskarazko kantuak abesten jartzea, ondo pasatzeko asmoarekin. Kantari ez da lehiaketa bat, beraz, ez dago ez galtzailerik, ezta irabazlerik ere. Beraz, nahi duguna da Gasteizko gaztetxoek karaokean parte har dezatela euskal kantuekin disfrutatzeko.

Zein da jarraitzen duzuen dinamika?
Lehenengo gaztetxoek karaokean parte hartzeko izena ematen dute. Ikastetxeen bitartez egiten dugu, esku-orriak eramanez. Parte-hartzaileek 3 eta 5 laguneko taldeak osatu behar dituzte, eta esku-orri horiek eskoletara itzuli behar izaten dituzte, eskatutako informazioa beteta. Gero, talde horien artean banatuko dira kantuak, zozketa bitartez. Euskal kantuak dira guztiak: Gatibu, Vendetta edota Esne Beltzaren kantu berrienak daude, baita abesti klasikoagoak ere; Ken 7ren Ilargia, Sorotan Beleren Arratsalde honetan edota Zarama taldearen Iñaki. E-posta bitartez jakinarazten zaio talde bakoitzari zein kantu egokitu zaion, eta abestiaren letra eta dantza ikasteko, Interneteko lotura bat bidaltzen diegu, izan ere, koreografiak modu erraz batean ikas ditzaten prestatuta dauzkagu bideoak. Bideo horretatik ikasitako dantza prestatu beharko dute, beraz, edo nahiago baldin badute, bakoitzak nahi duen koreografia ere prestatu ahal izango du.

Entsegurik egiten duzue grabaketa aurretik?
Bai, noski. Entsegu orokor bat egiten dugu, beraz, talde bakoitzak horretara ondo ikasita eraman beharko ditu bai letra eta baita dantza ere. Entsegu hori izaten da ikuskizun eguna baino lehen neska-mutilei erakusteko nolako lekuan grabatuko den emanaldia, eta parte-hartzaileak lasaitzeko, izan ere, urduri egoten dira normala den bezala; trankil egoteko aholkuak ematen dizkiegu.

Nolakoa izaten da grabazioa?
Publikoan parte-hartzaileen gurasoak, lagunak, familia artekoak... egoten dira. Eta Oihanederren prestatuko dugun agertokiaren gainean ikusi ahal izango ditugu gaztetxoak prestatu duten kantua abesten eta dantzatzen. Hori guztia grabatu egingo dugu eta sarean jarriko ditugu ikusgai ondoren bideo horiek. Grabazioetan primeran pasatzen dugu guztiok.

Oihanederreko agertoki gainean ez zara bakarrik izango aurkezle lanetan...
Gasteizko Javi Blanko eta biok izango gara. Blankok parte-hartzaileek euren kantua egin osteko sentsazioak jasoko ditu, eta horretarako, talde bakoitzak bere emanaldia egin ostean, taula gainera igoko da. Nire lana, berriz, talde horiek aurkeztea izango da eta beharra dutenei kantuan laguntzeko ere egongo naiz.

Zeu ere telebistako karaoke batean abesten hasi zinen musika munduan lehen urratsak egiten, ezta?
Bai, halaxe da. Telebista saio bateko karaokean abesten azaldu nintzen lehen aldiz telebistan 13 urterekin, Betimu izeneko saioan. Momentu horrekin ez naiz inoiz ahaztuko eta orain Kantariko gaztetxoak ikusten ditudanean ni gazteagoa nintzeneko momentu horrekin gogoratzen naiz. Nolako ilusioa nuen agertoki gainera igo eta abesteko, baina era berean urduritasunak ere banituen normala den moduan. Kantariko gaztetxoak taula gainera igo aurretik ikustean, neu ere horrelaxe egon nintzela gogorarazten dut ilusioz.

Eta orain abeslari eta DJ moduan ere ibiltzen zara, ezta?
Bai. Hain justu ere, aurten hamabigarren denboraldia egingo dut abeslari moduan. 16 urterekin hasi nintzen Gauargi taldearekin kantuan, herriko eta auzoetako jaietan eta ezkontzetan. Horren ostean, Tolosako beste talde batekin ibili nintzen beste urtebetez. Gero, lau denboraldi egin nituen Iruñako eta Altsasuko beste bi talderekin. Eta azken urteetan, hasi nintzen Gauargi taldearekin jarraitzen dut abesten. Horrez gain, DJ moduan ere ibiltzen naiz.

Eta gustura egiten duzun lana al da?
Zalantza barik. Nire pasioetako bat da musika eta asko betetzen nau plazarik plaza ibiltzeak. Gustura egiten dut eta gainera ondo pasatzen dut. Orain, Gasteizko gaztetxoak kantuan jartzeko asmoz gatoz, beraz, animatu eta hartu parte Kantarin! Primeran pasako dugu-eta!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide