BAT txartelaz egindako bidaia zortzi zentimo eta arrunta 30 zentimo igotzea proposatu du Tuvisak

Erredakzioa 2016ko urr. 18a, 15:36

Igoera honek  Tuvisaren egoera ekonomikoa hobetzen lagunduko lukeela uste du Udal Gobernuak.

Tuvisako lehendakari Itziar Gonzalok 2017ko tarifen proposamena aurkeztu die talde politikoei. Gobernu taldeak BAT txartelarekin egiten den bidaia bakoitza 0,56 eurotik 0,64 eurora igotzea proposatu du. Azaldu duenez, 30 eguneko txartelak ez luke ia aldaketarik izango; 29,5 eurotik 30 eurora, eta adinekoentzako bidaia hobariduna 0,11 eurotik 0,15era igaroko litzateke.

Txartel arrunta, berriz, 1,15 eurotik 1,45 eurora igoko litzateke, tranbiaren preziotik hurbilago; txartel hori bidaien % 8,7an erabiltzen da bakarrik.

Modu horretan, datorren urtean zerbitzua emateagatik aurreikusitako diru-sarrerak 2016rako aurreikusitakoa baino 1.010.000 euro handiagoak izango lirateke. Horrek garraio sozietatearen egoera ekonomikoa hobetzen lagunduko luke. Izan ere, autobus flotaren zati handi bat berritu beharra dagoela azaldu du Udal Gobernuak, eta 10 ibilgailu erosteko eskatutako maileguari ere aurre egin behar zaio.

BAT txartelerako proposatu den tarifa ezarrita ere, Gasteizek inguruko hiriek baina tarifa merkeagoa izaten jarraituko luke. Donostian 0,91 euro ordaintzen da kontzeptu beragatik, Iruñean, 0,70 euro, eta Bilbon, 0,64 euro da oraingo tarifa.

"Datuek erakusten dute hiri autobusa erabiltzen duten pertsonen kopurua handitu arren ez dela nahiko diru-sarrerarik sortzen sozietatearen kontuak orekatzeko. Aurten Udalak 16 milioi euro eman beharko dizkio Tuvisari txartelen salmentarekin estaltzen ez den aurrekontuaren zatia konpentsatzeko. Proposatu ditugun tarifekin gainerako taldeei  eskatzen diegu erantzukizunez jokatu eta urrunera begiratu dezaten, zerbitzuak arazo ekonomiko gehiagorik izan ez dezan, benetan iraunkorra izango bada tarifa arrazoizko eta orekatuak behar baititu", adierazi du Itziar Gonzalok.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide