Urriaren 10ean 2015eko maiatzaren 17an Gasteizko Harresian atxilotu zituzten gazteen aurkako epaiketa hasiko da. Egun horretan, Segiko kide izatea leporatuta poliziak atxilotu nahi zituen Igarki, Aiala eta Ibon babesteko milaka lagun elkartu ziren Andre Mari Zuriaren plazan. Manifestazioa, kontzertuak eta zeinbat jarduera egin ziren igande arratsaldean eta astelehenean, polizia plazan sartu zen hiru gazteak atxilotzera. 70 zauritu inguru eta 20 atxilotu izan ziren egun horretan Gasteizen. Hilabete batzuk beranduago, Epaitegi Gorenak gazte horiek errugabeak zirela ebatzi zuen eta orain, horietako hamabost gazte epaituko dituzte. "Hurrengo hilabeteetan zehar, orain onartua den errugabetasun hori euren gorputzez defendatu zuten 15 pertsona solidario epaituak izango dira orduko ekimen herrikoi eta desobediente masiboan parte hartzeagatik", salatu dute gaur Andre Maria Zuriaren plazan Gasteizko Harresiak egin duen agerraldian.
Epaiketak, urriaren 10ean eta abenduaren 13an
Datorren astelehenean egingo den epaiketa "larriena" dela adierazi dute. "Adami eta Oierri Agintaritzaren aurkako atentatua eta lesioak leporatzen zaizkie. Ertzaintzak dio eurak kolpatu eta lesionatu zituela, akusazio partikular gisa aurkezten da eta fiskaltzak baino zigor gogorragoak eskatzen ditu. 2 urte eta bi urte eta erdi. Zigorraren arabera, Adam eta Oier espetxeratuak izan daitezke", adierazi dute.
Hurrengo epaiketa abenduaren 13an izango da. Zortzi lagunek desobedientzia eta erresistentzia akusazioei egin beharko diete aurre.
Astelehenerako, hilak 10, elkarretaratzea deitu du Gasteizko Harresiak epaitegien aurrean, auzipetuei elkartasuna adierazteko.