110.000 euroko diru-ekarpena egingo dio Gasteizko Udalak Udalbiltzari

Erredakzioa 2016ko ira. 30a, 11:38

PSE udal taldeak kontrako botoak eman ditu. PPk azalpenak eskatu dizkio Gorka Urtaran alkateari.

Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteizko Udalaren eta Udalbiltza partzuergoaren artean lankidetza-hitzarmen bat sinatzea onetsi du, PSE-EEren udal taldeko lau kideen aurkako botoekin. Gasteizko Udalak 110.000 euroko diru-ekarpena egingo dio Euskal Herriko udaletxe eta hautetsiak batzen dituen erakunde publikoari.

Hitzarmenaren bidez, besteak beste, hiriko auzoei buruzko informazioa landu eta trukatuko da, inguruko udalerrietako datuekin alderatuta; unibertsitatearekiko lankidetzan energia eraginkortasunari eta hiri garapenari buruzko azterlanak egingo dira, eta emakumeen errugbiarekin lotutako aste bat antolatuko da.

“Hitzarmenaren bidez, Udalbiltza udalerrien sareak eskaintzen dizkigun abantailak baliatu nahi ditugu, ezagutzak partekatzeko, gure hiriari buruzko informazioa zabaldu eta sistematizatzeko, elkarrekin esperientziak garatzeko, eta EHU eta beste ikastetxe batzuk Gasteizerako interesa duten azterlanak egiten inplikatzeko", azaldu du alkateorde Itziar Gonzalok.

Zehazki, proiektu hauek jasotzen ditu hitzarmenak: Adierazle sistema bat diseinatzea, hiriko auzoen diagnostiko orokorra eta sektoriala egiteko, Energia-eraginkortasuneko azterlanak egitea EHUren Energia Berriztagarrien Ingeniaritza Eskolarekiko lankidetzan, Gasteizko hirigintza garapenaren-eredua aztertzea edo Emakume errugbilarien lehen topaketak.

 

PP azalpenak eske

Hitzarmen honi buruzko azalpenak eskatuko dizkio PP udal taldeak Gorka Urtaran alkateari.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide