Abetxukuko zubi zaharra konpontzeko lanei ekingo diete berriro

Erredakzioa 2016ko ira. 26a, 12:57

Zubiaren ahalmen hidraulikoa handitzeaz gain, azpiegitura babestuko dute, kultura-ondarea baita. Urriaren 4an abiatuko dituzte obrak.

Gasteizko Abetxukuko zubi zaharra birgaitzeko proiektua behin betiko kontratatu eta gero, URAk urriaren 4an jarraituko du iaz hasitako lanekin. Zehazki, zubiaren ahalmen hidraulikoa handituko dute; Zadorra ibaiari ur-huste ahalmena handitzeko, eta etorriko diren ur handien sasoietako emariei ibaian behera joaten askeago uzteko. Era berean, azpiegitura babesteko egingo dira lanak, zubi zaharra kultura-ondarea baita. Horretarako, ibaiertzetan igotako lubetak hondeatuko dira, arku nagusi eta bi ertzetako lehen arku txikien arteko tartean; ur-huste ahalmena irabazteko. Bestalde, antzinako fabrika-egiturak babestu eta egonkortuko dira. Orobat, zubiak antzina zuen itxura berreskuratuko du hein batean.

Lanak iaz, 2015eko abuztuan, hasi ziren baina ezusteko geldialdia izan zuten; lanen enpresa esleipendunak porrot egin zuen eta  lanak gelditu eta kontratazio-prozedura osoa berriro hasi behar izan zuten.

Zadorraren ur-goraldiei aurre egiteko lan hauek Uraren Euskal Agentziak eta Gasteizko Udalak 2012an sinatutako hitzarmenean zehazten ziren. Hitzarmenaren helburua 2013-2021 urteen bitartean Zadorra eta Gasteizko hegoaldeko ibaietan lehengoratze lanak abian jartzea izan zen, uholdeen eraginak murrizteko asmoz.  Lanen kostua 590.000 eurokoa da (BEZa barne) eta hiru hilabeteko epea dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide