Gasteizen gertatutako eraso sexista bat salatu du mugimendu feministak

Erredakzioa 2016ko ira. 23a, 11:31

Irailaren 10ean gertatu zen eraso matxista, Gasteizko Gaztela kalean.  Erasoa salatzeaz gain, udaltzaingoaren jarrera eta tratu desegokia salatu du mugimendu feministak.

 Gasteizko mugimendu feministak emakume batek Gasteizen jasandako eraso matxista bat salatu du. Ohar batean jakinarazi duenez, erasoa irailaren 10ean (goizeko lauetan) gertatu zen, Gasteizko Gaztela kalean. Autoz zihoan gizon batek emakumea jarraitu eta erasotu zion. Emakumea urbanizazio batean babestu zen. Hurrengo egunetan udaltzaingora jo zuen salaketa aurkezteko asmoz, baina bertan gertatutakoaren partea soilik osatu zuen.

"Erasoa salatzeaz gain, beste behin udaltzaingoaren jarrera eta tratu desegokia salatu nahi dugu. Poliziak erasotuaren testigantza zalantzan jarri zuen, gertatutakoa kontatzean datuak falta zirela argudiatuz. Ez da kasu bakana izan, gehiagotan eman baita", salatu du mugimendu feministak.

Era berean, udaltzainek etxera lagunduta eta mugikorra eskuan bueltatzea gomendatu zioten emakumeari. "Gomendio horien bidez emakumeon askatasuna murrizten da, kalearen erabilpena egiteagatik estigmatizatuz eta kriminalizatuz. Modu horretan, errua emakumeoi botatzen digute kalera ateratzeagatik, kalera ateraz gero erasotuak izan ahal garela ohartarazten diguten bakoitzean", gaineratu du.

Egoera honen aurrean, jazarpenak, irainak eta poliziak zalantzan jartzeak ere erasoak direla gogorarazi dute mugimendu feministako kideek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide