alea.eus

Euskarazko sormen ikastaroetan izena eman daiteke oraindik

Mirian Biteri 2016-09-26 09:34   Kultura  Gasteiz

Gertu du Oihanederrek Sortegiak euskarazko sormen ikastaroen eskaintza; antzerki sormena eta zinema sorkuntza ikastaroek osatzen dute. Aste bete luzatu dute izena emateko aukera.


Euskarazko sormen ikastaroetan izena eman daiteke oraindik
Egilea: zinea.eus | Ikusi handiago | Argazki originala

Antzerki sormenari buruzko eskolak Javier Fernandez aktoreak eskainiko ditu. Antzerkiaren bidez taldea eta norbanakoaren arteko harremanak lantzea da tailer horren helburua; "hain zuzen ere, ekintza indibidual eta kolektiboen arteko harremanak eta mugak ikertzeko saiakera egingo da", antolatzaileek azaldu moduan.

Zinema sorkuntza ikastaroan zehar zinemaren teorian eta lengoaian ezinbestekoak diren hainbat puntu jarriko dituzte mahai gainean. Dena dela, tailerraren asmo nagusia sorkuntza denez, Maider Oleaga zinegileak gidatuko dituen saio gehienak praktikoak izango dira; antolatzaileen esanetan, norberaren esperientzia delako ikasteko eta barneratzeko modurik hoberena.

Ikastaroak 18 urtetik gorako pertsonei zuzenduta daude. Bakoitzak 25 euroko kostua du; langabetu, ikasle eta erretiratuentzat, ordea, 20 euroko balioa du. Izena ematearekin batera motibazio testua bidali behar da, ikastaroarekin lotura duen bakoitzaren esperientzia azalduz. Irailaren 30ean behin-behineko onartuen zerrenda ezagutaraziko da eta ordainketa egiteko epea zabaldu; irailaren 30etik urriaren 5era, biak barne.Behin-betiko onartuen zerrenda urriaren 6an jakinaraziko da.

Zortzi saio eta amaierako lana

Eskolak urriaren 15ean hasiko dira eta abenduaren 17ra arte luzatuko dira; larunbatetan, 11:00etatik 14:00etara. Ikastaro bakoitzak zortzi saio izango ditu. Alde teorikoa zein praktikoa jorratuko da, eta bukatutakoan, ikasleek amaierako lana (antzezlana edo film laburra) aurkeztuko dute Euskararen Etxean. Hortaz, euskaraz sortzeaz gain, sortutakoa euskaraz erakusteko aukera izango dute.  

Erantzunak

Ira 2016-09-27 17:12 Erantzuna | #1

Kaixo,

Iratxe nauzue. 34 urteko emakume gasteiztar, euskaldun zahar, zinemazale eta melomanoa.
Txiki txikitatik izan dut zinemarekiko grina eta kuriositatea. Antzerki tailerren batean ibilia izan naiz, baina zinema eta kamera aurrean aritzea da gehien motibatzen nauena.
3 urtez egon nintzen zine eta bideo ikastaro batean, arte eta lanbide eskolan, hain zuzen ere. Ezin aberasgarriagoa!
Aipatzekoa da ere, pasaden urtean nire lehenengo esperientzia izan nuela benetako film batean parte hartzen, figurante moduan aritu nintzen Madrilen.
Dena den, ez dut homolagaturiko ikasketarik arlo honetan.
Orain arte, euskaltegietan lanean ibili izan naiz, nahiz eta psikologiako ikasketak eginak izan.
Benetan gustatuko litzaidakeela horrelako ekimen batean parte hartzea, izan ere, Gasteizen bezalako hiri batean zaila zait antzekorik aurkitzea eta beharrezkoa zait barruan dudan hori askatzeko aukera aurkitzea!

Behar izanez gero, bidali ahal dizuet egindako laburmetrairen bat erreferentzia moduan.

Besterik gabe, eskerrik asko.

Agur bat!

Iratxe Ortiz.

Erredakzioa 2016-09-27 17:41 Erantzuna | #2

Kaixo Iratxe,
Sortegiak programa Oihaneder Euskararen Etxeak antolatzen du eta beraz, bertan eman behar duzu izena. Informazio gehiago nahi baduzu: oihaneder@oihaneder.eus edo 945 16 18 30.

Ondo segi!

Ira 2016-09-28 12:36 Erantzuna | #3

Eskerrik asko! Hori zen nire intentzioa, baina nahi gabe hona idatzi nuen atzo. Barkatu eragozpenak. Agur bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa