Koroatze auzoa protagonista Mugikortasun Iraunkorraren Astean

Erredakzioa 2016ko ira. 16a, 13:02

Irailaren 17an Aldabe kalea oinezkoentzako bide bihurtuko da eta besteak beste, aire zabaleko azoka egingo dute. Hilaren 16rako gaueko bizikleta martxa antolatu dute.

Irailaren 12tik 22ra Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen 16. edizioa ospatu du Gasteizek, ‘Energia mugimenduan’ lemapean. Oraingo honetan Koroatze auzoa izango da protagonista, eta SmartEnCity egitasmoari esker ahalbidetuko diren mugikortasuneko eta espazio publikoko aldaketak herritarrei erakutsi eta haiekin esperimentatzea izango ditu helburu.

Zehazki, irailaren 17an Aldabe kalea oinezkoentzako esparru bihurtuko da. Horretarako, ohiko ibilgailu eta trafikoaren ordez jarduera-programa oso batek beteko du kalea eta 11:00etatik 14:30era bitartean garatuko da. Esate baterako, informazio gunea izango da, eta auzoa birgaitzeko SmartEnCity egitasmoa eta espazio publikoa birgaitzeko udalak egindako proposamenak ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Herritarrek ere euren proposamenak egiteko parada izango dute.

 Era berean, Aldabe azoka egingo dute kalean bertan; aire zabaleko azoka izango da eta bertako dendariek parte hartuko dute; Energytxiki haurrentzako jolastokia ere izango da bertan eta scrapbooking (egunkari berrien bilduma-liburua egitea) lantegia egingo dute. Haurren txoko honetan lau zientzialarik zuzeneko esperimentuak egingo dituzte, gero eta eraginkorragoak izateko energia aurrezteak duen garrantzia erakusteko.

Eskaintza osatzeko, mugikortasun iraunkorreko hainbat esperientzia ere izango da,  Fagor Ederland, Evolo, Sweeperbike edo Intelligent Parking egitasmoen eskutik. Horrez gain, Bike Station-a eta MoveSmart egitasmoak aurkeztuko dituzte. Azken hau hirian zehar era iraunkorrean mugitzen ikasteko app-a da.  

 Gaueko bizikleta-martxa

Izan ere, Mugikortasunaren Astearen egitarauak jarduera ugari eskainiko ditu. Esaterako, irailaren 16an, 21:00etan, Montehermoso jauregitik abiatuko den lehenengo gaueko bizikleta-martxa. Ekimen honek gauez bizikletan argia erabiltzeko beharraren inguruan kontzientziatzea du helburu. Ibilbidea Aldabe kalean amaituko da eta bertan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da, honako helbidean:  yomesubo@vitoria-gasteiz.org.

 

DesAUTOxikatu zaitez eta mobility coach

Bi ekitaldi nagusi horietaz gain, Mugikortasunaren Astea osatzeko hainbat jardueren artean nabarmentzen da lau gasteiztarrek beraien gain hartuko duten erronka: haien ibilgailu pribatua etxean utziko dute astebete osoz eta joan-etorriak egiteko bakarrik garraiobide iraunkorrak erabiliko dituzte. Sare sozialen eta udalaren web gunearen bitartez esperientzia guztiak partekatuko dituzte.

Horrekin batera,  irailaren 14an, eraginkortasunez gidatzeko ikastaroa eskainiko dute.

Bestalde, irailaren 19tik 23rako astean, Udalak movility coach zerbitzua egokituko du, eta bertan mugikortasunean aditu batek izena ematen duten pertsonei hirian bizikletaz modu seguru eta eraginkorrean mugitzen lagunduko die, haien ibilbide propioak diseinatuta.

Irailaren 12tik 16ra Fagor Ederland enpresak elektromugikortasunean izandako esperientzia aurkeztuko du Eulogio Serdan kalean jarritako postuan, eta bertan ibilgailu elektrikoa gidatu ahal izango da, GPSak gidatuta hiriko zirkuitu batean. Irailaren 18an mendiko bizikletaz ohiko Eraztun Berdeko Bira egingo da, eta 18tik 21era Santa Barbara plazan egongo den MoveSmart postura hurbildu ahal izango dira gasteiztarrak, bertan app deskargatu eta motor elektrikoan ibiltzeko 30 minutu doako alokairu lortu ahal izango dute.

Jarduerak irailaren 22an amaituko dira. Egun horretan, Hiri Ekologiaren Gelan Gasteizko Mugikortasunaren egoerari buruzko txostena aurkeztuko dute.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide