Uholdeen arazoak ekiditeko obrak hasi dira Aragoi kalean

Estitxu Ugarte 2016ko abu. 22a, 13:22

Gaur hasi dira Aragoi kalea eraberritzeko obrak. Oinezkoei leku gehiago emateko, eta euriteek sarritan sortzen dituzten arazoak konpontzeko erabiliko dituzte lanak. 

 

Sei hilabete iraungo dute obrek eta 225.857 euroko aurrekontua zuzendu du Udalak konponketak egiteko. Arana auzoko Aragoi kalea nahiko hondatuta dago, eta itxura zaharkitua du; gainera eurite handiak daudenean urak gainezka egiten du, drainatze-sistema txarra baita.

 “Inguru horretan bizi direnen eskariari erantzungo diogu, hainbat bider bildu izan baikara haiekin, eta urteak baitzeramaten kalea eraberritu zedila eskatzen. Gasteiztarren bizi-kalitatea hobetzea da gure helburua, eta horretan laguntzen dute honelako eraberritze-lanek”, nabarmendu du Espazio Publikoko zinegotzi Iñaki Prusillak.

Galizia eta Andaluzia kaleen artean egingo dira obrak. Lanak bukatu ondoren, oinezkoek izango dute lehentasuna. Zoruaren azalera osoa maila berean geratuko da. Berdegunean zuhaitz berriak landatuko dira, Aragoi kalearen eta Jacinto Benavente kalearen arteko bereizketa hobetzeko –hiribide hori nahiko zaratatsua da, motordun ibilgailu ugari igarotzen baita bertatik–. Aragoi kalean dagoen aparkatzeko lekua ere murriztuko da. Horren ordez, leku gehiago jarriko da Andaluzia kalean.

Orobat, beste lan hauek egingo dira: argiteria hobetu, zuntz optikoa kanalizatu, eta Andaluzia zein Galizia kaleetatik datorren ura hartzeko hustubideak jarri bi muturretan. Hiru eserleku luze –sei metro bakoitzak– ere ipiniko dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide