Gasteizko Jaiak 2016

Gasteizeko jaiek, hamaika aurpegi

Itsaso Estarrona 2016ko abu. 4a, 07:00

Erraldoi bat, txosnetako gazte bat, prozesio-kide bat... jaiak nola bizi dituzten kontatu diote ALEAri festetako protagonista ezberdinek. 

1.Nola ospatuko dituzu Gasteizko jaiak?

2.Zer aldatuko zenuke?

 

Endika Gonzalez de Belandia. 

Erraldoia eta Blusa (Bihurriak). 

1."Oso modu berezian bizi ditut Gasteizko jaiak: batetik, Bihurriak izeneko blusa eta neska kuadrilla berriarekin irtengo naiz aurten; bestalde, erraldoi, buruhandi, zaldi eta txota konpartsarekin ateratzen naiz egunero. Aurten, gainera, aldaketa egin dut: bastoi-zaldi moduan atera izan naiz 2011tik, eta aste honetan erraldoi bezala estreinatuko naiz".  

2."Asto-lasterketa berreskuratu beharko genukeela uste dut. Bestalde, jaiek egun bat gehiago iraun zezaten nahiko nuke... oxala! Zaila da, baina ez ezinezkoa". 

   

Miren Lapitz Castrillo 

Txosnetako gazte-karpako kidea.

1."Gasteizko jaiak bi hitzetan definituko nituzke: jaia eta aldarrikapena. Alde batetik, egun eta gauez Gasteizko txosnek eskaintzen duten egitarauaz gozatzea gustatzen zait; izan ere, sei egunetan zehar aukera zabal eta anitzak ditugu: kontzertuak, bazkariak, antzerkiak, dantza plaza, bertsoak, gazte olinpiadak... Bestetik, jaiak Gasteizko kaleak aldarrikapenez betetzeko aukera ematen digute, bozgorailu bilakatuz. Gasteizko herri mugimenduak jaiak baliatzen ditu urte osoan zehar egindako lanari bultzada bat eman eta indartzeko.

2."Orokorrean, jai ereduari buruzko hausnarketa sakon bat behar dela uste dut. Jaietan dagoen desfaseak urtean zehar ematen diren jarrera onartezinak areagotzen baititu. Zentzu horretan, Gasteizko Txosnek aurrerapausoak ematen dituzte jai eredua aldatzeko bidean, baina ezinbestekoa da erronka hau Gasteizko gizartera zabaltzea".

 

Diego Martinez de Antoñana 

Farolen prozesioko kidea (Andre Maria Zuriaren kofradiako kidea).

1."Prozesio-kide bezala, ez da erraza esatea nola bizi dituzun jaiak, zaila delako ezberdintzen prozesio-kide izaera eta zure bestelako alderdiak: fededuna, gasteiztar peto-petoa, blusa, parrandazalea, tradizio-zalea... Niretzat, inportantea da Gasteizko jaietako jatorria aintzat hartzea, zentzua ematen baitio horrek: Andre Mari Zuria gurtzea eta hari eskarrak ematea da jaietako jatorria eta zentzua. Niretzat ohore bat da Andre Maria Zuriaren kofradiaren kide izatea eta Farolen prozesioan eta Auroaren Errosarioan ateratzea. Gero, jaiak jarrai dezala...!"

2."Askatasunaren alderdia  hobetuko nuke jaietan: hobeak lirateke zenbait kolektibok ez balituzte baliatuko protagonista izateko eta besteei inposaketak ezartzeko. Batzutan, tamalgarria da ikustea jaiei buruz baino, beste gauza batzuei buruz hitz egiten dela. Horrek ez die mesede egiten gure hiriko jaiei". 

 

Moises San Mateos

Txupineroa (Gaztedi errugbi taldea)

1."Aurten, txupinazoa botako dut Gaztedi errugbi klubeko presidente moduan, Araski saskibaloi taldearekin batera. Egun hori klubarekin eta familiarekin biziko dut, suziria botatzeak edozein gasteiztarrentzat suposatzen duen ohoreaz disfrutatuz. Gainerako egunak lagunekin eta familiarekin igaroko ditut, jaietako eskaintza oparoaz gozatzen; gainera, abuztuaren 6an hainbat ekitalditan egongo gara, emakumeen eta inklusio-taldearekin".

2."Ez dago hobetzeko gauza asko, egitaraua oso osoa da, eta kuadrillek borobiltzen dute, kaleak giro onez betetzen". 

 

Sonia Lopez Luque

Neska (Gasteizko margolariak).

1."Duela hiru urte Gasteizko Margolariak blusa eta neska kuadrilla sortu zenetik, taldearekin bizi izan ditut jaiak, neska moduan. Gau eta egunez ateratzea gustatzen zait, ahal dudan guztietan gure kuadrilak eta gainerako guztiek antolatzen dituzten ekintzetan parte hartuz".  

2."Posible balitz eguraldia hobetuko nuke, baina hori kontrolaezina da. Jaien antolakuntzari dagokionez, nire ustez oso ondo dago, gustu eta adin guztietarako ekintza ugari dagoelako. Zer gehitu edo zer kendu... hori gustuen eta iritzien araberakoa da".

 

Mitxelko Lobo

Ostalaria (Erdizka taberna)

1. "Lan eta lan aritzen naiz jaietan, baina zortea dut, eguneko txanda egiten dudalako nik. Ondoren, lagunekin egoteko aprobetxatzen dut, bai alde zaharrean, bai txosnetan, kontzertu eta eguneko jardueren arabera. Dena den, plan lasaiak egiten saiatzen naiz, hurrengo egunean taberna ireki behar dut-eta...!". 

2."Jaiak lanean ematen ditudan arren, luzatu egingo nituzke. Bilbon egiten duten moduan egingo nuke agian: asteburutik asteburura ospatu. Gasteizen, bi egun indartsu daude eta ondoren izugarri makaltzen da giroa. Ostalarientzat onuragarria izango litzatekeela uste dut". 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide