Gasteizko Jaiak 2016

Zeledonen jaitsierara botilarik ez sartzeko eskatu du Udalak

Erredakzioa 2016ko abu. 1a, 19:43
Hainbat boluntario izango dira Zeledonen egunean plaza garbitzeko. /Egibide

Besteak beste, Egibideko boluntarioak izango dira txupinazoaren osteko zakarra biltzeko; iaz 3.200 kilo beira bildu zituzten.

Gasteizko Udalak eskaera berezia egin du Andre Maria Zuriaren plazara beirazko botilarik ez sartzeko abuztuaren 4an. “Herritarren laguntza eskatu nahi dugu kristalezko botilarik ez sartzeko, arriskutsuak izateaz gain ez baitira ezinbestekoak. Jaitsieraren ondoren, kristalek egindako ebakien irudi beldurgarriak ikusten ditugu urtero, eta jaietan errespetuak eta dibertsioak izan behar dute nagusi", nabarmendu du Iñaki Prusilla Ingurumen zinegotziak. Horrelako ontziak sartuz gero, ondoren edukiontzietara botatzeko galdegin dute." Edonola ere, Zeledonen jaitsieraren ondotik plazan bat ere hondakinik ez izatea da gure helburua”.

Gainera, aurten, garbiketarako "esfortzu berezia" egingo dutela azaldu du Prusillak. FCC eta GMSM enpresen esku dagoen garbiketa makina berri guztiak erabiliko dira, jaietan lehenengo aldiz –182 dira guztira–;  ureztatzaileak, erkotzeko makinak, gurditxoak eta biltzaileak izango dira, besteak beste.”Ahalegin berezia egingo da, jai ekitaldi garrantzitsuenak gorabeherarik gabe ospatu ahal izateko, eta zikinkeria handiena sortzen duten jardueren ondorioak minimizatzeko”, azaldu du zinegotziak.

Hala, hilaren 4an, Zeledonen jaitsieraren ondoren, baliabide ugari jarriko dira plazan: ABEEko langileak, Ecovidriokoak, Egibide ikastetxeko boluntarioak eta Udalekoak izango dira. Egibideko gazteei dagokienez, zinegotziak eskertu du “ikastetxe horrek egiten duen lan garrantzitsua. Ingurumen kontzientziazioaren eta herritar konpromisoaren eredua dira”, azaldu du gaur goizean balkoian egindako ekitaldian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide