Artedrama, Nuria Espert eta Lindsay Kemp batuko ditu Nazioarteko Antzerki Jaialdiak

Anakoz Amenabar 2016ko abu. 11a, 21:19
'Francoren bilobari gutuna' lana aurkeztuko du Artedramak. /Artedrama

Inoizko euskarazko antzerki eskaintzarik zabalena izango du Gasteizko jaialdiak.

Urriaren 6tik azaroaren 29ra bitarte, 35 ikuskizun eskainiko ditu aurtengo Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiak. Euskaraz inoiz eskaini duen antzerki eskaintza zabalena izango du; haur eta helduentzako sei lan izango dira hiriburuko agertokietan.

Ohitura den moduan, hainbat herrialdetako lanak ikusi ahalko dira, jatorrizko hizkuntzan horietako batzuk: Erresuma Batua, Estatu Batuak, Argentina, Frantzia, Italia, Alemania, Japonia eta Holanda izango dira aurtengo gonbidatuak. Hain zuzen, Flute konpainia ingelesak altxatuko du oihala, Kelly Hunterrek zuzendutako Hamlet: Who's there? lanarekin, urriaren 6an, Principal antzokian; ingelesez eskainiko dute gaztelaniazko goi-tituluekin.

Bertako sortzaile ugari ere igaroko dira nazioarteko jaialditik. Besteak beste, Oreka Tx, Kulunka, Pikor, Pez Limbo, Sleep Walk Collective, Teatro Paraiso eta beste hainbat izango dira Principal, Baratza, Felix Petite eta Ibañez de Matauko agertokietan. 

Izen handiko zuzendari eta aktoreen zerrenda ere luzea izango da: Claudio Tolcachir argentinarrak Tierra del Fuego aurkeztuko du Alicia Borrachero eta Tristan Ulloa aktoreekin, Andres Limak ustelkeria politikoaz arituko den El jurado lana aurkeztuko du eta Mario Gas zuzendariak ohiko duen Nuria Espert handia jarriko du taula gainean Wadji Mouawad antzerkigile ospetsuaren lanean. Lindsay Kempen mundu magikoaren sorkuntza berrien eta pieza klasikoen nahasketa eta Oreka Tx taldeak parte hartu duen Hybrid lan berria ere eskainiko dute.  

Euskaraz, sei lan

Euskarazko lanei dagokionez, Hautsa lana izango da lehenendabizikoa, urriaren 13an; Garazi eta Unai Lopez de Armentia dantzari eta aktore gasteiztarren eta Parasite kolektiboaren eskutik, mugimendua, testua, irudia, musika, diseinua eta bideoa batzen dituen pieza poetikoa aurkeztuko dute.

Errautsak eta Hamlet lan arrakastatsuen ondoren, Francoren bilobari gutuna aurkeztuko dute Artedramak, Le Petit Theatre de Painek eta Dejabu Panpin laborategiak. Ximun Fuchs zuzendari, Ander Lipus protagonista izango duen lana aurkeztuko dute.

Euskarazko lanean artean, gainera, Lurrak zirku ikuskizuna ere izango da Gasteizen, azaroaren 11n, tartean Ortzi Acosta akrobata arabarraren lanarekin. Jose Ramon Soroiz aktorea buru duen Azken trena Treblinkara lana azaroaren 24an helduko da, eta Gasteizko Parasite taldeak, gainera, Ustelak ustel lan kolektiboa prestatuko du.

Beste batzuetan bezala, programazioak jarduera osagarriak eskainiko ditu "Antzerkia zabaltzen" atalean: lantegiak, ikusleekin topaketak, bisitaldi gidatuak eta beste hainbat ekitaldi izango dira. Gainera, Haurtxoak proiektu aitzindaria (Federico Garcia Lorca antzokian) XI. ediziora iritsiko da aurten.

Jaialdiaren argibide guztiak: vitoria-gasteiz.org 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide