[ARGAZKI-GALERIA] Izerdi tantak Santiago egunean

Estitxu Ugarte/PHOT.OK 2016ko uzt. 25a, 13:18

Estreinekoz astoen lasterketaren ordez ardo upelen lasterketa egin dute Gasteizko blusa eta nesken kuadrillek. Arrakastatsua bezain gogorra izan da.

Santiago eguna ospatzen ari dira gasteiztarrak berakatz usaina, blusa eta neska kuadrillen algarak, eta fanfarreen musika artean. Aurten aparteko nobedadearekin etorri da jaia, izan ere Udalak astoen lasterketa debekatu ondoren, Arabako Errioxako eta Aiarako Txakolinaren upelekin barrika lasterketa egin dute.

Ardo upelek izerditan jarri dituzte Gasteizko blusak eta neskak goizeko lehen ordutik,  10ak aldera hasi baita sailkapen-itzulia Posta kalean, eta behin taldeak nola banatuko ziren erabaki ostean, 11:00etan puntual hasi da finala. Ariketa gogorra izan da 57 kiloko barrikak mugitzea lehiatu diren 25 talderentzat. 1.200 metro zeharkatu ondoren, Basatiak taldea izan da garaile. Taldeak eraman du, beraz, Luis Cañas upeltegiak emandako 225 litro ardo. 

Bestela, ohi den bezala, goizeko lehen ordutik San Frantziskoko aldapan bildu dira dozenaka baratxuri saltzaileak eta aldapa osoa hartu dute. Urte osorako berakatzak erosteko aukera izan dute gasteiztarrek bertan; ehundik gora saltzaile bildu dira Alde Zaharrean, gehien bat Zaragoza, Nafarroa eta Bizkaitik etorritakoak.

Bestalde, Arabako campusean Santiago eguneko nekazaritza eta abeltzantza azoka antolatu dute. Aurten 50 ekoizle baino gehiagok parte hartu dute, eta halaber abere eta makinen erakusketa izan dira Unibertsitatearen gunean. Publiko ugari bildu da goizean zehar animalien inguruan, txerriak, euskal antzarak eta oiloak, ahuntzak, behiak eta zaldiak izan dira protagonista nagusiak. Taloa, txorizoa, urdaiazpikoa, gazta, ardoa eta sagardoa, eta bestelako jaki gozoak dastatzeko eta erosteko aukera aparta eskaini dute herrialdeko produktoreek.

Eguerdian, Foru Plaza hartu dute blusa eta nesken kuadrillek. Batzordeak antolatuta eta urtero lez, euskal presoen eta errefuxiatuen senideei omenaldia egin zaie; ondoren hasi da kuadrillen arteko herri kirolen txapelketa.

Zezen plazara bidearen joana eta etorriarekin amaituko da Andre Maria Zuriaren jaien aurrerapeneko eguna.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide