Aurten Done Bikendi elizan jaio eta Martioda zentroan suspertu da zikoina, Gasteizko erdialdeko barruko patio batean agertu ondoren.
Suspertutako zikoinari Aranzadiren Eraztuntze Bulegoaren metalezko eraztun ofiziala eta PVCzko beste bat jarri zaizkio, bere jarraipena eta azterketa egiteko. Halaber, neurri biometrikoak hartu zaizkio eta, azkenik, hegaz joan da Green Summer Camp udalekuetako umeen aurrean.
Zehazki, zikoina zuria ohiko espeziea da Arabako Foru Aldundiaren mende dagoen Martioda Faunaren Suspertegian. Izan ere, 2015ean hamabost zikoina pasa ziren bertatik, gehienak habiatik erori eta gero. Aurten ere, 5 ale sartu dira zentroan eta ‘Askara' izan da suspertu den lehena.
Zikoinen egoera Gasteizen
Aurten, guztira, 36 bikote izan dira hazten Salburuko hezeguneetan. Bertan finkatutako bikoteetatik 24k arrakasta izan zuten eta 64 txita hazi dituzte. Salburuko hezeguneetan zikoina zuriak izan duen batez besteko produktibitatea 2,6 txita dira bikote bakoitzeko.
Aintziraka, hauxe izan da habien banaketa: 3 bikote Betoñukoan, 1 Arkauti, Elorriaga eta Betoñu herrietan, 8 Larreganakoan eta 24 Arkautikoan. Ondorioz, Arkautiko aintzira da espezie horren bigarren koloniarik onena Araban, Orenin irlako koloniaren atzetik Uribarriko urtegian. Emaitza horiek lortzeko, hezegunea bisitatu da astean behin otsailetik ekainera bitartean.
Zortzi basahate
Zortzi basahate ere askatu dituzte Martiodako teknikariek, horiek ere zentroan bertan suspertutakoak. Guztira, 25 urteko ibilbidean zehar, 10.984 animalia pasa dira Martioda Faunaren Suspertegitik.