Gasteizko Antzokirako proposamena dagoelako, pozik Lazarraga elkartea

Erredakzioa 2016ko uzt. 15a, 17:16

Datorren astean hausnarketa kolektiboa egingo du kokapenaren inguruko iritzia plazaratzeko.

Oihaneder Euskararen Etxeko kudeatzailea eta Gasteizko Kafe Antzokiaren sustatzailea den Lazarraga kultur elkarteak gaur eguerdian izan du Santa Maria Katedrala Fundazioak Antzokiaren kokapenaren inguruan egindako azterketaren berri, Udaleko talde politikoekin batera.

Alde zaharreko lau kokapen aztertuta, mahai gainean proposamen bat edukitzeak begi onez ikusten duela adierazi dute Lazarragako kideek."Balorazio sakonago baten faltan, Lazarraga kultur elkarteak ontzat jotzen du behingoz proposamen zehatz bat mahaigaineratu izana, honek proiektuaren osotasunarekin, Euskararen Etxea eta Kafe Antzokia, aurrera egiteko konpromisoa berresten duelako", adierazi dute ohar batean.

Auzokideen iritziaren zain

Era berean, proiektuak ahalik eta kontsensurik handiena izan behar duela sinistuta, datozen egunetan alde zaharreko, kulturgintzako eta euskalgintzako eragile desberdinekin harremanetan jarriko dira kokapen proposamenaren inguruan bakoitzak duen jarrera ezagutzeko.

Lazarraga kultur elkartea dagoeneko hiriko hogei eragile baino gehiagorekin bildu da egitasmoaren nondik-norakoak partekatzeko eta euren iritzi, behar eta nahiak jasotzeko. Bilera hauen ondorioz, euskalgintzako hainbat eragilek Euskararen Etxean espazio bat izateko eskaerak erregistratu dituzte.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide