Eskoriatza-Eskibel jauregian eta ondoko pilotalekuan kokatu nahi dute Gasteizko Kafe Antzokia

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko uzt. 15a, 14:54

Ikuskizun aretoa eraikin berri batean jartzea proposatzen dute, orain pilotalekua dagoen espazioaren eta berdegunearen zati baten gainean. Euskararen Etxea jauregian bertan kokatuko litzateke.

Gasteizko Kafe Antzokia Eskoriatza-Eskibel jauregian eta atzean dagoen parkean eta Auzolana pilotalekuan kokatu nahi du Udal Gobernuak. Teknikariek lau kokapen posible aztertu dituzte; Eskoriatza-Eskibel, Falerina lorategian, Montehermoso jauregiko Ur biltegia eta Etxauri plazan eta horien artean, Frai Zacarias kaleko jauregia kokatzen den blokea lekurik aproposena dela ondorioztatu du, ondare eraikia berreskuratzen eta dinamizatzen lagunduko lukeelako, eta egin beharreko inbertsioaren gizarte errentagarritasunagatik. Gaur goizean Gorka Urtaran alkateak Santa Maria Katedrala Fundazioak egindako azterketa aurkeztu die udal talde politiko guztiei eta Euskararen Etxeko kudeatzaileei. Sei adituk osatutako talde bat (Fundazioaren zuzendari tekniko Leandro Camara arkitektoaren zuzendaritzapean) Gasteiz Antzokiaren kokalekuari buruzko txostena lantzen aritu da azken hilabeteetan, Udalak aginduta.

Lau aukerak banan-banan aztertu ondoren, Eskoriatza-Eskibelen etxadia hautatu du, hau da, jauregia bera eta ondoan kokatzen diren lorategia eta pilotalekua. Lursailak ekipamendu publikoaren, espazio librearen eta garajearen kalifikazio urbanistikoa du. Gaur egun, eraikitako zatiak antzinako ostatua (620 metro koadro hiru solairutan) eta jauregia bera (2.700 metro koadro eraiki hiru solairutan banatuta) hartzen du. Horri pilotalekua dagoen orubean (orain antolamendutik kanpo) eta ondoko lorategiaren zati batean lau solairutan eraiki litezkeen 1.500 metro koadroak gehituko litzaizkioke. Erdi Aroko hiriguneko Birgaitze Integraturako Plan Bereziak lursail horretan baimentzen duena hau da guztira: 5.260 metro koadroko aprobetxamendua sestra gainean eta 1.390 metro koadro sestra azpian (ibilgailuak aparkatzeko erabil daitekeena, bi solairutan).

Euskararen Etxea, Eskoriatza-Eskibel jauregian

Besteak beste, ikuskizun aretoa eraikin berri batean jartzea proposatzen dute, orain pilotalekua dagoen espazioaren eta berdegunearen zati baten gainean. Aretoaren eranskinak eta jatetxe eremua antzinako ostatuan joango lirateke. Bestetik, Euskararen Etxea gerora Eskoriatza-Eskibel jauregian instalatzea proposatzen dute.

Teknikariek azaldu dutenez, altuera bikoitzeko bi solairutako eraikina altxatu nahi dute: bat ikuskizun aretorako, eta beste bat pilotalekurako edo auzoko bizilagunentzako beste erabileraren baterako. “Hartara, eraikinak funtzio gehiago izango lituzke, erabilera handiagoa izango luke, eta egin beharreko inbertsioaren errentagarritasun soziala handituko litzateke”. Gainera, inguruko biztanleek erabilera publikoko espazio moldagarria izaten jarraituko lukete.

 Kostuak eta epeak

Zenbait etapa zehaztu dituzte: pilotalekua eraistea, pilotalekuaren eta lorategiaren inguruan indusketa arkeologikoa egitea, orube osorako esku-hartze integrala definitzeko arkitektura ideia-lehiaketa, eraikin berria eraikitzea, antzinako ostatua birgaitzea eta jauregiaren birgaitze integrala, Euskararen Etxearen egoitza izan dadin. Beraz, lehenengo fase batean Gasteiz Antzokiarekin eta eranskinekin lotutako lanak egingo lirateke, eta horren kostua 2,5 eta 3,5 milioi eurokoa izango dela aurreikusten dute. Lehiaketa eta proiektua lantzeko, pilotalekua eraisteko, indusketa arkeologikoa egiteko eta lana gauzatzeko epea 18 hilabetekoa izan liteke.  Guztia agintaldi honetan egin nahi da. Bigarren fasean, jauregia bera birgaituko litzateke: horren kostua 2,5 milioi euro ingurukoa izan liteke, eta gauzatzeko epea, 12 eta 18 hilabete bitartekoa. Bitartean, Euskararen Etxearen egoitzak Montehermoson jarraituko luke.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide